Medialab (argazkia: Tabakalera)

Tabakalerak online erreserba-sistema berria jarri du abian eta Makusi artxibo-plataforma berritu du

Zerbitzuak erabiltzaileen beharretara egokitzea dute helburu bi berrikuntza hauek.

Tabakalerak zerbitzu eta baliabideetarako sarbidea hobetzeko online erreserben sistema berria martxan jarri du eta Makusi artxibo-plataforma berritu du. Baliabide hauekin, Donostiako zentroak beste urrats bat eman du bere zerbitzuak erabiltzaileen beharretara egokitzeko eta esperientzia azkarragoa eta eraginkorragoa eskaintzeko konpromisoan.

Online erreserba-sistema berriari dagokionez, eskuragarri dauden baliabide eta zerbitzuetarako sarbidea hobetzeko asmoz jarri dute abian. Lehenago, gailu eta espazioen erreserbak telefonoz, posta elektronikoz edo aurrez aurre egin zitezkeen Tabakaleran. Orain, erabiltzaileek zuzenean kudeatu ahal izango dute guztia webgunetik. Prozesu hori digitalizatzeak erabiltzaileen esperientzia optimizatzea eta Medialab Tabakaleraren baliabide guztiak eskuragarriago egitea du helburu.

Erreserba-sistema bihartik, urriak 15, egongo da eskuragarri Tabakalera txartela dutenentzat, eta gailu teknologiko ugari erreserbatzeko aukera emango du, hala nola, argazki-kamerak, bideo-kamerak, ordenagailu eramangarriak, tabletak, mikrofonoak, josteko makinak… Gainera, gailuak ez ezik, Medialabeko zenbait espazio erreserbatzeko aukera izango da, hala nola, bileretarako negutegiak edota platoa.

Makusi, artxibo-plataforma berritua

Tabakalerako Makusi artxibo-plataforma erabat eguneratu da, eta zentroak antolatutako jardueren artxibotik haratago, funts ugari bildu, katalogatu eta jendearen eskura jartzen dituen gune digitala eskaintzen du.

Medialabek datu-base honen kudeaketan 2011tik metatutako esperientziarekin, Makusi tresna bizi eta garaikide bihurtu da, egungo zein historiako materialak biltzen dituena. Etorkizunerantz begira jartzeko gaitasunarekin, plataforma formatu eta funtzio berriak hartzeko prestatuta dago.

Plataformak, gainera, ondare historikoak biltzen ditu, hala nola DSS2016EU eta Artelekukoak. Gaur egun, Makusik 12 mila baliabide inguru biltzen ditu, argazki, testu, bideo, audio eta irudi-dokumentuen artean. Eduki horietarako sarbidea doakoa da eta lizentzia irekien bidez eskaintzen da, Tabakalerak software librearekin eta ondare partekatuarekin duen konpromisoaren ildotik. Hiru hizkuntzatan nabigatu daiteke plataforman barrena, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.

Gainera, plataformaren diseinua optimizatu egin da erabiltzailearen esperientzia hobetzeko, informazioaren hierarkia argi batekin, eta eduki garrantzitsuenetara erraz iristeko aukera ematen du. Bilatzaile intuitiboak aukera ematen du bilaketa zehatzak egiteko hainbat iragazki erabiliz, eta horrek emaitza egokienak aurkitzea errazten du.

Guzti honetaz gain, Makusi plataforman Bildumak izeneko atal berri bat gehitu da, gaikako komisariotza sakonagoa ahalbidetzeko. Atariak hainbat funtsetako edukiak aldi berean esploratzeko aukera ematen du ere, nazioarteko metadatuen estandarren bidez elkarreragingarritasuna bermatzen baitu, eta horrek edukiak beste gordailu batzuekin konektatzea errazten du. “Makusi datu base bizia da eta, honenbestez, etengabe eguneratzen dira funtsak eta bildumak”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna