Ane Zapirainen 'Agortu' ikuskizuna

Ostiralean abiatuko da Tzan Tzan Fest jaialdiaren zortzigarren edizioa Gasteizen

Dantza garaikidearen jaialdia Barrundian eta Baratza aretoan izango da urriaren 18tik 20ra bitartean.

Gasteizko Baratza aretoak antolatuta, dantzarekin emango diote amaiera urriari, Tzan Tzan Fest jaialdiaren zortzigarren edizioaren eskutik. Oraingo honetan jaialdia hiru egunez luzatuko da eta orotara sei pieza labur ikusi ahal izango dira Barrundian eta Baratza aretoan.

Ostiralean emango diote hasiera jaialdiari Barrundiako kiroldegian. Eva Guerrerok Entre cuerpos pieza aurkeztuko du. Honetan gorputza eta bere izaeraz eta gorputzen arteko politikaz eszenan iradoki eta hitz egitea proposatzen da. “Norena da gorputza? Eta, horren ondoren, Proyecto Larruak gauza bera egingo du Shoot de target lanarekin, helburu komun baten bila dabiltzan bi pertsona dira, bi gorputzen arteko elkarrizketa, zeinean oinkada sinkronizatzen duten urrunago iristeko, bata bestearen gainean sostengatzen diren atseden hartzeko, urrunago iristeko elkar bultzatzen duten, zaindu eta babesten duten. Energia alaitik heldutasunaren pisura jauzi egiten duen bizi-ibilbide batean murgiltzen dute publikoa, konpainiaren ibilbidearekiko paralelismo bat marraztuz.

Jaialdiak Gasteizko Baratza aretoan jarraituko du larunbatean. Arratsaldeko 18:00etan Dantza eta Osasunaren 2. edizioa izango da Conocer la dimensión energética a través de la danza izenburupean, eta Elisa Artetaren eskutik. Topaketa amaitutakoan, 20:00etan, bi pieza ikusi ahal izango dira: Natalia Garcia Muroren El espacio de los límites eta Ane Zapirainen Agortu. Garciak azaldu duenez, “nire gorputzeko espazioek kanpoko espaziorantz hedatzen den eta harekin komunikatzen den mugimendua sortzen dute. Horrek elkarrizketa sortzen du une horretan bizi eta inguratzen gaituen espazioarekin. Denbora nahikoa ematen badugu, mugen artean ditugun mugitzeko aukerak deskubritu ditzakegu”.

Ondoren, Zapirainen txanda izango da, bere piezak gorputzaren manifestua anplifikatzeko adierazpen-tresnak aurkitu eta ustiatzeari egiten dio erreferentzia. Kultura bakoitzak etengabe aldatzen diren arauen bidez itxitako egitura material eta formalak ditu: lan egiteko modua, atseden hartzeko modua, sexualitatea, zaintza edo ibiltzeko modu estandarizatuak. Gorputza bizirik irauten saiatuko da bere forma agortuz.

Azkenik, igandean, urriak 20, beste hitzordu bikoitz batekin emango zaio amaiera jaialdiari, 19:00etatik aurrera. Collectif Troikaren See-saw. Antolatzaileen esanetan, “festa asaldagarria” izango da, “erritual basatia, non hiru pertsonaiek helburu bakar batekin topo egiten duten: trofeo misteriotsua irabaztea. Dantza, akrobazia eta antzerkiaren artean, ikuskizun absurdo honek publikoa gonbidatzen du bere logika ahaztera eta partida baten denboran zehar emozio ezberdinak zeharkatzera. Ondoren, Melisa Calerok La gloria iniziazio-errituala egingo du, indargune gisa ulertutako zaurgarritasunaren kontzeptua aztertzeko. “Bidaia katartikoa, astindu izugarria, ekintza iraultzailea, batukada duen manifestazioa eta maratoia”.

Ikuskizunetarako sarrerak eskuragarri daude jada https://salabaratza.com webgunean.

Zabaldu:

Utzi erantzuna