Amagoia Mujika (argazkia: Bilboko Udala)

Amagoia Mujikak irabazi du Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren euskarazko sari nagusia, ‘Azazkalak’ lanarekin

Akzesitak Oskar Azkona Garcia bilbotarrarentzat Trail running kontaketagatik eta Maitane Perez Argote nafarrarentzat, Lurrikarak lanagatik izan dira.

Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan egin dute Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren 41. edizioaren sari-banaketa. Euskarazko modalitatean, Amagoia Mujika Telleriak jaso du sari nagusia, Azazkalak lanarekin. Akzesitak Oskar Azkona Garcia bilbotarrarentzat Trail running kontaketagatik eta Maitane Perez Argote nafarrarentzat, Lurrikarak lanagatik izan dira.

Epaimahaiarentzat euskarazko kontakizun irabazleak “gaiaren gordintasuna islatzen du, idazkera sinple baina zaindua erabiliz, sinbolismoz betetako eszena ederrak eraikiz”. Era berean, adierazi du kontakizuna sinesgarria dela, nahiz eta neskato baten ikuspuntutik idaztea zaila izan. Azkenik, “elipsien erabilera neurtua eta aparta, baita pertsonaia nagusien eboluzioa ere”, nabarmendu du, “ipuin biribila” dela ondorioztatuz.

Rail running-eko akzesitari dagokionez, epaimahaiak adierazi du “erritmo izugarria” duela, irakurlea pertsonaiaren ondora eramaten duela eta, aurrera egin ahala, narrazioa protagonistaren babesgabetasuna azaleratzen duela.

Lurrikarak lanaren kasuan, inkomunikazioaren historia” dela adierazi du epaimahaiak, “pertsona bakoitzak une bera modu guztiz desberdinean bizi duela azaltzen du. Horretarako, kontatu nahi duena ezin hobeto definitzen duen idazketa sinple baina eraginkorra erabiltzen du”.

Gaztelaniazko modalitatean Cesar Anguianoren Nuevo camino hacia el mar kontakizuna izan da saritua. Epaimahaiak azpimarratu duenez, ipuin honek “gatazka argia eta iraunkorra aurkezten du, konpondu arte, tokiko paisaia oso modu bisualean islatuz eta kritika sozial garratza azalduz, irakurlearengan tentsioa eta larritasuna sortzen duen aldi berean”.

Akzesitak Alisa Lein argentinarrarentzat (Bahía de los ángeles) eta Veronica Aviles Calderonentzat (Kintsugi) izan dira.

Euskarazko zein gaztelaniazko kontakizun onenentzako sariak 3.500 eurokoak izan dira, eta accesitek 1.750 euro jaso dituzte.

Zabaldu:

Utzi erantzuna