Landa eremuan girotutako beldurrezko istorio bat ondu du idazleak Alberdania argitaletxearen eskutik.
Lehen eleberria aurkeztu du Izaskun Gracia idazleak (Bilbo, 1977) Basokoa izenpean. Orain arte, euskal poeta gisa ezagutu izan dugu, izan ere, hiru poema liburu argitaratu ditu orain arte.
Egileak aitortu du Basokoa “oso liburu berezia” dela. “Alde batetik, erronka izan da euskaraz idatzi dudan lehenengo eleberria baita. Orain arte ipuina eta poesia landu ditut, eta generoaren aldaketa horrek nire idazketan eta lan egiteko eran ere aldaketak ekarri ditu berekin. Istorioan sartzeko eta istorioa garatzeko modu berria aurkitu behar izan dut, hau da, nire ongizate-zonatik irten naiz, nahi nuena kontatu ahal izateko”.
Eleberrian kontatzen denez, amona hil eta bilobak, Hodeitza eta Nahia, baserrira itzuli dira, lekua husteko eta harekin zer egingo duten erabakitzeko. Baina baserri ondoko basoan urte luzez beren zain egon den zerbait esnatu egingo da. Eta Amaren gaixotasunaren eta Amonaren jokaera arraroaren sorburua den zerbait horrek familiak duela asko pilatu zuen zorra kitatzeko modua bilatuko du.
Beldurrezko literatura azpigenero gustukoena da idazlearentzat, “euskal literaturan ez da asko landu, eta sentitzen dut hori aldatzeko eta euskal irakurleengan literatura-mota eta gai horietan interesa pizteko aukera dudala”, adierazi du.
Landa giroa euskal literaturan
Aritz Galarraga editoreak dionez, baserria, landa giroa, mendi inguruak aspaldidanik daude presente euskal literaturan, gogoratu bestela Txomin Agirreren idazki haiek, zeinetan agertzen zen baserria euskal esentzien gordailu bezala, euskal arima puru eta kontaminatu gabeko baten errepresentazio posible bakar gisa. Noski, ez dira alferrik pasa ehun urte baino gehiago, eta Graciaren baserriak ez du Agirrek deskribatu zuen hartatik ezer. Ez da leku idiliko bat, ontasunaren metafora, gauzak pasatzen diren leku bat baizik, eta gauza esan dezagun gatazkatsuak, misteriotsuak, gauzen atzeko aldean erakusten duten gauzak”.
Galarrak nabarmendu duenez, Lev Tolstoiren Anna Karenina eleberriak hasiera ezagun eta indartsua dauka: Familia zoriontsuak denak berdinak dira: zorigaiztoko familia bakoitza bere erara da dohakabea. Izaskun Graciaren Basokoa nobelak beste eleberri hasiera gogoangarri bat oparitzen dio literaturaren historiari: Familia guztiak gezur batetik jaiotzen dira. Betiereko maitasun-, oparotasun- edo, are okerrago, zoriontasun-hitzeman batetik”.
Hain justu, hori da idazleak eleberri honetan egiten duena: “familia batean, Hodeitza eta Nahiaren, beren amaren, Amamaren familiaren gezurraren motiboa, zorigaitzaren motiboa ezagutzera eramango du irakurlea”.
Editorearentzat oso modu berezian eramango du irakurlea, “igartzen da poeta ere badela, eta piroteknia handirik gabe, egia da, estiloa soila baita oro har, baina narrazioaren indar iradokitzaileagatik, kontatzen dena bezainbeste isiltzen duelako, oso kontakizun jakingarria osatzea lortzen du azkenerako, irakurlearen arreta eta tentsioa hasieratik bukaeraraino mantentzea lortzen duena.