(argazkia: Balaunka)

Marte Lasarte taldeak ‘Ez da besterik’ estreinako diskoa plazaratu du

Disko berriak egunerokoan ematen diren argazki batzuk azaleratzen ditu, bakoitza bere argi eta itzalekin, eta horien inguruko ikuspegia ematen du, elkarbanatzeko egia baten bidean.

Skakeitan taldean hamabost urte eman ondoren, Borja Anton eta Pello Armendariz berriro elkartu eta Marte Lasarte proiektua sortu zuten iaz. Taldeko ibilbide labur honetan, Lore Nekane Billelabeitia (Belako) eta Alex Alonso (Skakeitan, ETS, Tierra Santa, La Oreja De Van Gogh Gari,…) musikariak batu zaizkie, eta dagoeneko, hiru aurrerapen kanta aurkeztu dituzte: Basamortua, Marte Lasarte eta Ez da besterik.

Gaur, berriz, Marte Lasartek aurrerapauso bat eman eta bere lehen diskoa plazaratu du, Ez da besterik izenpean. Estreinako lan hau, Antonek eta Armendarizek, Jon Badirekin batera, ekoiztu eta Haritz Hareguyren estudioan grabatutako zortzi abestiz osatuta dago.

Disko berriak egunerokoan ematen diren argazki batzuk azaleratzen ditu, bakoitza bere argi eta itzalekin, eta horien inguruko ikuspegia ematen du, elkarbanatzeko egia baten bidean. “Maitasuna, desplazamenduak, denboraren martxa, dialektika, heriotza, gezurra, lana eta, oro har, gure arteko harreman moldeak dira lan luze honetan hizpide”, azaldu dute taldekideek.

Musika estiloari dagokionez, melodia itsaskor eta soinu gordinen arteko oreka bilatzen du laukoteak, aurretik izandako joera eta klixe batzuekin apurtu nahian. Taldeak berak onartzen duenez, “zaila egiten zaigu abestiak estilo bakar batean sailkatzea, pista bakoitzak bere nortasun propioa duelako”. Hala ere, diskoa entzutean hurrengo etiketak airean dabiltzala nabari daiteke: post-punk, drum´n´bass, dark pop, pop-rock, fuzz-punk, indie-pop, new-wave edota elektronika.

Marte Lasartek oso gertuko dituen zenbait musikariren parte-hartzea izan du lan berria ontzeko. Besteak beste, Juanjo Berasain (Ezpalak) eta Sara Zozayaren kolaborazioak Anek ezagutzen zaitu eta Hileta abestietan. Aitor Valcarlos eta Jonathan Quiñonesek haizezko musika tresnekin osatu dute Hileta eta Grabitaterik gabe abestiak. Basamortua kantan Olatz Salvadorrek jarri du ahotsa eta Maria Bustos eta Enekoitz Martinezek Hileta abestiko sokak grabatu dituzte.

Lan hau aurkezteko, taldeak, duela aste batzuk, beraien lehenengo kontzertuen kartela eman zuen ezagutzera. Alcala Norte talde Madrildarrarekin batera arituko dira lehen zuzenekoetan, Madrilen, Donostian, Iruñean, Gasteizen eta Logroñon, hain zuzen. Urriaren 11n eskaini zuten lehen kontzertua Bilboko Stage Live aretoan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna