(argazkia: Euskal Zine Bilera)

Jone Arriolaren ‘Dena asmatuta dago’ filmak eraman du Urrezko antzarra Lekeitioko Euskal Zine Bileran

Euskal Zinemaren Begiradak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu du.

Euskal Zine Bilerak Sail Ofizialeko Lehiaketaren irabazleak ezagutzera eman zituen larunbatean. Guztira 20 film labur izan dira lehiaketara heltzea lortu dutenak eta hauek urriaren 17tik 19ra bitartean ikusi ahal izan dira Ikusgarri zine aretoan.

Hogei lanen artean bost izan dira sariak eskuratzea lortu dutenak. Alde batetik, Film onena, Zuzendaritza onena, Gidoi onena eta Benito Ansola saria izan dira. Ainara Elgoibar zinegileak, Martxelo Rubio aktoreak eta Nerea Ibarzabal bertsolariak osatu dute epaimahaia eta adierazi dutenez, “erronka handia izan da parte hartzaileen artean irabazleak aukeratzea”. Bestalde, ikusleek astean zehar emandako botoen bidez EITB Ikuslearen saria erabaki dute.

Film onenaren saria, Jone Arriolaren Dena asmatuta dago lanarentzat izan da. Epaileek adierazi dutenez, “bainera txiki batean gauza asko kabitzen direla erakusten digun lana da hau. Pelikula organikoa, naturala eta, batez ere, freskoa da. Gidoirik gabekoa dirudien elkarrizketa sinesgarri eta samurra aurkezten zaigu, eta horrek aktoreen eta zuzendariaren arteko kohesioa eta aurre-lan handia eskatzen ditu. Aktoreen interpretazioa ere azpimarratu nahi dugu, egon beharreko tokian baitaude uneoro”. Hortaz, berarentzat 47. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 3.000 euroko saria.

Zuzendaritza onenaren saria, Maddi Barberren Alas/Tierra filmarentzat izan da. Epaileek hurrengo azpimarratu dute: “Lengoaia propioa duen pelikula da. Zuzendariaren ikutua garbia da. Filma harilkatzen duen poema euskaratzerakoan, hitzen esanahia eremu berri batean kokatzen da: zuzendariaren munduan”. Berarentzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.

Gidoi onenaren saria, Itziar Leemansen Ximinoa filmak eraman du. Epaileen esanetan: “Klase arazo baten gaur egungo iraupena erretratatzen du begirada femenino batetik. Isiluneen erabilera elokuentea eta espazioen tratamendu izugarri adierazkorra eta gorputz horiek beraiekin nola erlazionatzen diren nabarmentzen dute epaileek”. Berarentzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.

Benito Ansola saria, Daniel Nespereira eta Zihara Etxeberriaren Larramendi filmarentzat izan da. Epaileek nabarmendu dutenez, “istorio bitxia da eta irudi-efektu interesgarriak darabiltza. Egileei esperimentatzeko grina sumatzen zaie, eta horretan jarraitzera animatzen dituzte epaileek”. Sari honen irabazleek Zilarrezko Antzara eta 1.000 euroko saria jaso dute.

Epaimahaiaren Aipamen Berezia Kote Camachoren “Puzzleak, bortxaketaren jauregia” lanarentzat izan da. Saririk jaso ez  badu ere epaimahaiak aipamen berezia egin nahi izan dio. Haien hitzetan “Filmean lantzen den kasua izugarria da, isiltasunez inguratuta egon dena, eta oraindik ere badagoena. Horregatik da hain beharrezkoa horrelako lanak zabaltzea, protagonistek espresatzeko espazioa izan dezaten, eta gizarteak entzun ditzan”.

Azkenik, ikusleek astean zehar emandako botoen bidez EITB Ikuslearen sariaren irabazlea zein izan den ezagutzera eman dute: Kote Camachoren Puzzleak, bortxaketaren jauregia. 5etik 4,19 puntu lortu ditu. Hortaz, berarentzat Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.

Euskal Zinemaren Begirada

Ekitaldi berean ere, euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz, Euskal Zinemaren Begiradarekin Itziar Ituño euskal aktorea omendu nahi izan da. “Munduari euskaraz ekin dion aktore unibertsal bati egin nahi izan diogu merezitako aitortza, bere ibilbidean zehar euskal ikus-entzunezkoetan eta euskaran izan duen eragina aintzakotzat hartu eta bere lana balioan jarriz. Ituño lurralde, zein hizkuntzaren mugak igaro dituen aktore euskalduna eta euskaltzalea da”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna