Metrokoadroka kolektiboak ‘Gezi beltzak’ tailerrak antolatu diru Oiartzunen

Hastapenak eta Paperetik gorputzera izango dira lantegi hauek eta biek izango dute Oier Guillan antzerkigile eta idazlea gidari lanak egiten.

Metrokoadroka kolektiboak laugarren urtez Gezi beltzak tailerrak antolatu diru Oiartzungo Ehuntze sormen espazioan. Aurtengoan, bi tailer jarriko dira abian: batetik, Hastapenak izenekoa, astean zehar; bestetik, urte hasieran, antzerki idazketari buruzko monografikoa, Paperetik gorputzera.

Hastapenak lantegiari dagokionez, idazketaren munduan murgiltzen hasi edo apur bat sakondu nahi duen jendeari dago zuzendua. Helburua gauzak probatzeko eta partekatzeko konfiantzazko giroa sortzea da, idazketa teknika ezberdinak ezagutzeko eta esperimentatzeko.

Oier Guillanen gidaritzapean, tailerra azarotik otsailera bitartean egingo da Ehuntze sormen espazioan, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, ostegunetan, hamabostean behin. Izen ematea azaroak 6ra arte egongo da zabalik.

Paperetik gorputzera  bestalde, idazketa tailer monografikoa izango da. Antzerkia, dramaturgia, gidoigintza, performancea, formatu hibridoak. Oholtzarako idazketan murgiltzeko edo sakontzeko laborategia. Antolatzaileek zehaztu dutenez, ez da behar aldez aurretiko esperientziarik.

Tailerra urtarriletik martxora programatu dute, 10:00etatik 13:30era, larunbat goizetan, hamabostean behin. Honetan ere Oier Guillan ariko da gidari lanak egiten eta Amancay Gaztañaga, Mikel Ayllon eta Yurre Ugarte idazleek master-classak eskainiko dituzte. Izen ematea abenduaren 15era arte egongo da zabalik.

Zabaldu:

Utzi erantzuna