Iparra galdu gabe festibala egingo dute azaroaren 8tik 30era, Getxon

Estibaliz Robles Estitxu, Maite Idirin eta Lurdes Iriondori omenaldia egingo zaie aurtengo edizioan.

Euskal kultur Erakundeak Getxoko hainbat eragilerekin elkarlanean, Iparra galdu gabe diziplina anitzeko festibala antolatu du Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko hainbat artistaren partehartzearekin. Antolatzaileen arabera, “beste behin ere, gozatu ahal izango da hitzen bidezko kultura, euskara duen kultura, euskara bera eta errealitatearekin, hainbat musika, antzerki, literatura eta zine adierazpenen bidez, horien artean Errobiren 50. urteurreneko kontzertua.

Fran Suarez Euskal Kultur Elkarteko proiektu arduradunarentzat “Getxoko hiria Iparraldeko kulturaren ezinbesteko erakusleihoa bilakatu da. Gure lurraldeko eragileentzat aukera paregabe bat da, euren lanak eta sorkuntzak Getxoko biztanleekin partekatzeko eta hori beti toki eta baldintza bikainetan. Horretarako, Getxoren arteko partaidetza aberatsa horrekin segitzeko prest gaude, aurtengo programak erakusten duen bezala, Beraz, Getxorekin ez dezagun Iparra galdu!”.

Egitaraua

Hiru emazte kantari gogoan kontzertuak hasiera emango dio aurtengo edizioari, azaroaren 8an, 20:30ean Azebarri Kultur Elkartearen egoitzan. Berta, Maialen Alfaro, Maider Bedaxagar eta Naia Robles kantariek omenaldia eskainiko diete euskal musikan aitzindariak izan ziren Estibaliz Robles Estitxu, Maite Idirin eta Lurdes Iriondori.

Hurrengo egunean, azaroaren 9an, Naia Roblesek eta Oihan Delavignek Papogorri ipuin musikatua eskainiko dute, 17:00etan eta 18:30ean, Fadura Kiroldegiko areto nagusian. Bestalde, egun horretan, 13:00etan Noraezean, Jon Gorospe argazkilariaren erakusketaren inaugurazioa izango da  Benta egoitzan, eta bertan hilaren 24ra arte ikusi ahal izango da.

Bestalde, azaroaren 12an, Bizkarsoro dokumentala proiektatuko dute 09:30ean, Itzubaltzetako Kultur Etxean, eta hilaren 13an Muxikebarrin, 09:30ean eta 18:30ean. Solasaldiak izango dira Josu Martinez zuzendariarekin.

Azaroaren 15ean, 19:00etan, Bernat Etxepareren olerkiak abesti bihurtuta entzun ahal izango dira, Itxaro Bordaren eta Ibon RGeren eskutik, Iaquin Vahu saioan, Azebarri Kultur Elkartearen egoitzan. Egun horretan, toki berean, baina 20:30ean, Bihotza Gazte bertsolarien saioa izango da, Haira Aizpurua, Xabal Illarregi, Xabier Arriaga eta Josu Landetarekin.

Eneko Bidegain idazleak Bichta éder liburuaren solasaldia eskainiko du azaroaren 28an, 19:30ean, Villamonteko Kultur Etxean.

Azkenik, Kultur Etxearen eskutik helduko da Errobi 50. urteurreneko kontzertua azaroaren 30ean, larunbatean, Muxikebarrin, 20:00etan. Taldeak eskainiko duen bakanetako kontzertu horren aurretik, hilaren 27an, 19:00etan, Anje Duhalde, Mixel Ducau eta Daniel Landart protagonistek mende erdiaren ibilbidea errepasatuko dute Muxikebarrin eskainiko duten solasaldian. Horri lotuta, Getxoko 400 ikaslek parte hartuko dute Gure lekukotasuna eta Perttoli abestien bideo-grabazioan, euskal kulturaren transmisioa sustatzen laguntzeko.

Zabaldu:

Utzi erantzuna