Lanaren anbizio linguistiko zein intelektuala azpimarratu du epaimahaiak irabazlearen dohainak zehaztean.
Julen Apella Santamaria idazle berriztarrak irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai nobela beka saria. Aurkezturiko ia hogei lanen artean, Abizen berri bat izenekoa hautatu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak, eta, horrenbestez, Apellak eramango du zortzi mila euroko saria. Honekin batera, Elkar argitaletxearen eskutik nobela ere argitaratuko du, hemendik urtebetera, orain proiektua dena amaitutakoan.
Abizen berri bat gaur eta hemen kokaturiko eleberri bat izango da, gazte batzuen harremanetan eta noraezean zentratua. Jokin eta Felix lagunak dira, biak ari dira karrera amaitzen, baina oso desberdinak dira izaeraz, eta oso bestelakoak dituzte familia eta klase soziala ere, etorkizunari begiratu eta harreman berriei heltzerakoan horrek dakarren guztiarekin. Lanaren anbizio linguistiko zein intelektuala azpimarratu du epaimahaiak irabazlearen dohainak zehaztean.
Julen Apella Santamaria (Berriz, 1998) Euskal ikasketetan graduatua da, eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak masterrak egina ditu. Orain arte poesia-liburu bat kaleratu du: Postal bat desertuan, DK sariaren irabazlea.
Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak esan du aurrerantzean ere Ondarroako Udalak euskal literaturaren eta sorkuntzaren aldeko apustu honi eutsiko diola.