‘Igogailu batean amaitu zen mundua’ antzezlana

‘Igogailu batean amaitu zen mundua’ antzezlanak irabazi du Poltsiko Antzerkiaren Sorkuntzarako saria

Bigarren saria Itzuli Baionako taldearen Adriene Bergson-Johnson edo Euskal kulturak iraultza behar du! bakarrizketarentzat izan da.

2025eko Poltsiko Antzerkiaren Sorkuntzarako programak baditu irabazleak. Jasotako proiektuen artean, epaimahaiak lehen saria AmaHiru taldearen Igogailu batean amaitu zen mundua antzezlanari ematea erabaki du eta, bigarren saria, Itzuli Baionako taldearen Adriene Bergson-Johnson edo Euskal kulturak iraultza behar du! obrari.

Igogailu batean amaitu zen mundua antzezlanari dagokionez, Donostiako AmaHiru konpainiaren komedia bat da. Iñaki Cid antzerkigile eta aktorearen gidaritzapean, Eneritz Sanchezek eta Iñigo Elosegik osatzen dute lantaldea.

“Gorroto duzun bizitza aldatzeari buruzko komedia klaustrofobikoa”, horrela definitu dute beraien antzezlana. “Mundua bukatu egin da eta igogailu batean harrapatu zaitu zaborra jaistera zindoazenean”. Komedia honek, hausnarketa sakon bat egitera eramango gaitu. “Zergatik ez gara ausartzen benetan nahi dugun hori izatera, mugitzen gaituen hori egitera, daukagun guztia arriskatu eta benetan betetzen gaituen bizitza izatera? Beldurra diogulako gu garena izateari. Baina mundu hori amaitzen bada? ”

Idoia eta Julen dira obra honetako protagonistak, igogailu txiki batean topo egiten dute bakoitzak bere aldetik lagun batzuen etxean egindako afari baten ostean. Biek zabor poltsak daramatzate. Ez dute elkar ezagutzen baina beraien bizitza betirako lotuta geratuko da: Bat batean igogailua geratu eta behera jauziko da. Idoia eta Julen, konortea galdu ondoren, igogailuan esnatuko dira ahots batek hitz egiten diela. Igogailuen enpresako larrialdi zerbitzuetako langilea da, eta berak iragarriko die orain dela bi ordu munduan hutsegite masibo bat egon dela eta mundua, ezagutzen zuten bezala behintzat, amaitu egin dela.

Adriene Bergson-Johnson edo Euskal kulturak iraultza behar du!

Baionako Itzuli konpainiaren eskutik, Maryse Urruty eta Martin Antxia idatzi eta zuzendutako bakarrizketa izan da aurtengo finalista. Urrutyk antzeztuta, Adriene Bergson-Johnson, enpresagintza eta garapen pertsonalaren inguruko aholkuak trufatzen dituen fikziozko pertsonaia da. Adrienen pertsonaia pentsamendu neoliberalaren metafora bihurtuko da, eta bere enpresaburu ikuspegi eta errealitatearen arteko desoreka izango da ikuskizunaren umore iturria.

Adriene 1980ean sortu zen, Austinen, Texasen. Bere “outsider” jarrerari esker, gure buruaz, gure ohiturez edota egoera batzuen zentzugabekeriaz irri egiteko aukera ematen du.

Saria

Antzezlanak garatzeko eta ekoizteko, proiektu irabazleak 2.500 euroko ekarpena jasoko du eta finalistak, aldiz, 2.000 eurokoa.

Saritutako lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatzeko eta antzezteko konpromisoa hartuko dute irabazleek eta finalistek. Bakoitzak lau emanaldi egingo ditu, eta horien truke, 3.000 euro jasoko ditu proiektu irabazleak, eta 2.500 euro finalistak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna