(argazkia: Mauka)

PI L.T. talde bizkaitarrak ‘Balak Airean’ bira aurkeztu du

Azaroaren 21ean argitaratuko dute Balak airean disko berria.

Urtebete baino gehiago da Mungiako taldea agertokietara itzuli zela, eta, orain, lan berria aurkeztera datoz. Azaroaren 21ean argitaratuko dute Balak airean izeneko diskoa eta gaur bertan lan horren aurkezpen bira iragarri dute. Euskal Herriko zein Estatu espainiarreko hirietan izango dira azarotik aurrera.

Balak airean taldearen hogei urteko geldialdi baten ostean kaleratuko duten lehen kantu bilduma da. Indarra, melodia, sendotasuna, eklektikotasuna eta jakin-mina dira disko berri honetako osagaiak, bi hamarkadako jakinduria metatuak ematen duen gehigarriarekin.

PI L.T. taldeak 90eko hamarkadaren hasieran Rafa Ruedak, Aitor Abiok, Xanpek, Txarlie Solanok eta David Gonzalezek (geroago taldera batuko zena) sortua, sona handiko ibilbidea jorratu zuen hamar urtean. “Hamaika entsegu eta kontzertu kopuru zenbatezinen fruitu bost disko luzeko uzta sendoa utzi zuen, zeinean estilo eta sonoritate anitz maisuki eta ausardiaz uztartu zituzten taldekideen izaera ezberdinen ispilu. Guzti honek, sormen jario geldiezin eta jakin-min artistikoa lagun, Euskal Herriko talde bizi eta bitxienetako bat izatea ekarri zuen”, azaldu dute Mauka diskoetxeko kideek.

2006an taldea desegin zen arren, 2017an bueltan zela iragarri zuen, taldean parte hartutako kide guztiak taula gainean bilduta. “Itzulera horretan kontzertu gutxi batzuk baino ez zituzten eman, aretoak lepo bete zituzten hasierako jarraitzaileen poza eta gozamenerako”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna