Hamar komiki aurkezpen izango dira denera, horietako sei nobedadeak. Asisko Urmenetak jasoko du Joseph Camino saria.
Hernani euskarazko komikigintzaren erdigune bihurtuko da azaroaren 15ean eta 16an. Hirugarren edizio honetan “inoiz baino komiki aurkezpen gehiago” izango direla nabarmendu dute antolatzaileek, baita bestelako ekintzak ere.
Aitor Huizi Kultura zinegotziak azaldu duenez, “Hernani euskarazko komikigintzaren erreferente bihurtzea nahi dugu”. Euskal Herrian euskara hutsezko komikigintzari eskainitako azoka bakarra da Hernanikomik. Horregatik, “Euskal Herriko komikizale guztiak gonbidatu” ditu Huizik Hernanira hurbildu eta Hernanikomik azoka bisitatzera hurrengo asteburuan.
Ainara Azpiazu Axpi komikigile hernaniarrak, bere aldetik, “komikiak ere literatura” direla aldarrikatu du ozen, eta “Hernanikomik euskarazko komikigintzak behar duen prestigioa eta komikigileon ikusgarritasuna bermatzeko plaza interesgarria” dela azpimarratu du.
Udazkena, euskarazko komikigintzan argitalpenetarako garai oparoa izaten da. Honela, izango diren hamar aurkezpenetatik sei labetik atera berri-berriak izango dira.
Argitaletxe eta denda hauen postuak egongo dira Atsegindegin kokatuko duten azokan: Argia; Elkar; Gaueko komiki denda; Harriet; Herrima; Ikastolen Elkartea-Xabiroi eta Nabarralde. Azokaren ordutegia 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara izango da bi egunetan.
Honez gain, azoka eremuan Space Opera euskal komikietan erakusketa ikusteko aukera izango da.
Joseph Camino saria
Hernanikomiken baitan, euskarazko komikigintzaren alde egindako lana saritzeko Joseph Camino saria ere banatzen da. Aurten, Asisko Urmeneta komikigile nafarrak jasoko du, hilaren 16an, 12:00etan.
Sari honekin lotuta, azaroaren 15etik 29ra, Biteri Kultur Etxean Asiskoren ibilbide profesionala erakusten duen lanen erakusketa ikusteko aukera izango da.
Egitaraua:
Azaroak 15, ostirala:
11:00: Azokaren irekiera.
17:00: Komiki lehiaketaren sari banaketa (Dobera Euskara elkartea).
KOMIKI AURKEZPENAK:
17:30: Oneka, Iruñeako Erresumaren sorrera. Eneko Lizardi egilea eta Iñaki Otamendi moderatzailea.
18:00: Mo. Bernardo Atxaga eta Pello Varela egileak, eta Iratxe Retolaza moderatzailea.
18:30: Argia iraungi zen tokia. Mikel Begoña egilea eta Iratxe Retolaza moderatzailea.
19:00: Mugako dragoiak. Gregorio Muro egilea eta Iratxe Retolaza moderatzailea.
Azaroak 16, larunbata:
11:00: Azokaren irekiera.
11:30: KOMIKI AURKEZPENA. Iris. Yurre Ugarte eta Julen Ribas egileak, eta Ainara Azpiazu Axpi moderatzailea.
12:00: Joseph Camino sari banaketa: Asisko Urmeneta.
12:30: Dzirt-dzart saioa, zuzenean marraztuz: Asisko Urmeneta eta Marrakatue.
KOMIKI AURKEZPENAK:
17:00: Abentura erraldoia. Adur Larrea eta Gorka Bereziartua egileak, eta Garbiñe Ubeda moderatzailea.
17:30: Botere handi batek. Iban Zaldua eta Julen Ribas egileak, eta Garbiñe Ubeda moderatzailea.
18:00: Egun bat Beti Berdin tabernan. Asier Iturralde Gaston egilea eta Garbiñe Ubeda moderatzailea.
18:30: Ihes plana. Agustin Ferrer Casas egilea eta Garbiñe Ubeda moderatzailea.
19:00: Ni, zu, gu. Tupust kolektiboko Maite Caballero, Loinaz Lekuona, Maitane Gartziandia eta Ainara Azpiazu Axpi.