‘Kazetaritza’ eta ‘Komunikazioa’ modalitateak izango ditu aurtengo Rikardo Arregi Sariak

Aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren deialdia egin du Andoaingo Udalak, eta urtero moduan deialdiaren xehetasunak aurkeztu ditu Donostian emandako prentsaurrekoan.

XXXI. edizioa da aurtengoa, eta berrikuntzaz beteta dator, bai edukiari dagokionez, eta baita formari dagokionez ere. Horrela, bada, bi sari izango dira: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria. Gainera, aurten lehen aldiz, finalistak ere izendatuko dira, Kazetaritza sarirako lau eta Komunikazio sarirako beste lau, gehienez. Sarituak izateko, edonork izango du hautagaitzak proposatzeko aukera, baina finalistak nahiz saridunak erabakitzeko ez da nahitaezko baldintza izango aldez aurretik hautagaitza aurkeztea.

“Euskararen normalizazioak ezinbestez behar ditu euskaraz egindako kazetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua”: hori da Andoaingo Udalak urtero gogorarazten duen mezua eta Kazetaritza Sari hau hogeita hamaika urteotan antolatzeko arrazoia. Ainara Rodríguez Zalakain Euskara zinegotziak azaldu duenez, “euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea dugu Sariarekin helburu”. Gogora ekarri du, iaz, XXX. urtemuga zela-eta, edizio berezia izan zuela RAKSek, eta konpromiso publiko bat hartu zutela antolatzaileek. Hain zuzen ere konpromiso hori betetzeko berrikuntza helburu duten aldaketak eginez dator XXXI. edizioa. Horregatik, bi sari izango dira aurtengoan: bata, aipatu bezala, orain arteko moduan Kazetaritza saria, berriemailetzari eta kazetaritzaren ezaugarri eta irizpideei estuki lotua, eta bestea, Komunikazio saria, euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitzeko bidean egindako urrats esanguratsu eta berritzaileak sarituko dituena. Azken sari hau aurten emango da lehen aldiz.

Kazetaritza saria-ri dagokionez, 2019ko urtarrilaren 1etik irailaren 15era arteko tartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu diren kazetaritza-lanek izango dute saria eskuratzeko aukera. Saria 9.000 eurokoa da, eta Xabier Lakak Sarirako berariaz egindako irudi artistikoa.

Komunikazio saria eskuratzeko aukera izango dute, euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailetzat jotzen direnek. Betiere, 2019ko urtarrilaren 1etik irailaren 15era bitartean euskaraz sortu, ekoitzi eta, kasua bada, zabaldutako komunikazio ekintza bat, komunikazio proiektu bat edo komunikazio proposamen bat izan beharko du nahitaez. Sari hau ere 9.000 eurokoa izango da, eta Xabier Laka eskultoreak egindako irudi artistikoa.

Gehienez ere zortzi finalista izango dira, aurten lehen aldiz, eta finalistek, saridunek izan ezik, Xabier Lakak beren-beregi Rikardo Arregi Kazetaritza Sarirako sortutako irudiaren serigrafia jasoko dute.

Saridun izateko hautagaitzak (kazetaritza edo komunikazio lanak) irailaren 15era bitartean aurkez litezke, proposamenak Andoaingo Udalera posta arruntez bidaliz edota helbide elektroniko honetara igorriz: raks@andoain.eus.

Finalista edo sariduna izateko ez da, halere, ezinbestekoa izango hautagaitza aurkeztea, epaimahaiak aukera osoa baitu bere proposamen propioak eztabaidatzeko, eta jasotako proposamenen eta epaimahaikideek beraiek egin eta eztabaidatutakoen artean finalistak eta sariak erabakitzeko.

Epaimahaia ondorengoek osatuko dute: Jose Inazio Basterretxea (UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea), Itxaro Borda (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Aingeru Epaltza (idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea), Maite Goñi (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua), Elixabete Larrinaga (UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea), Ion Muñoa (Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea), eta Jon Sarasua (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua). Mahaiburua izango da Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna, Ainara Rodríguez Zalakain, eta idazkaria, Patxi Baztarrika, Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria.

XXXI. edizio honetako finalistak nortzuk diren azaroaren hasieran emango du ezagutzera epaimahaiak, eta sari banaketako ekitaldia azaroaren amaieran izango da Andoainen, Bastero Kulturgunean.

Zabaldu: