Literatura, ilustrazioa, musika eta dantza, koaderno gisako argitalpen honetan bildu dituzte. Leire Bilbao idazlearen testuak eta June San Sebastian ilustratzailearen irudiek Maite Larbururen musika eta Kukai Dantzaren koreografiak dituzte lagun liburu honetan.
Kukai Dantzak eta Elkar argitaletxeak haurrekin irakurtzeko Klera liburua aurkeztu dute. Lan berriak Jon Maya dantzariaren ideia batetik abiatuta, lengoaia artistiko ezberdinak koaderno batean biltzen ditu.
Literatura, ilustrazioa, musika eta dantza ditu espresio bide, eta koaderno gisako argitalpen batean adierazpen artistiko horiek bildu, eta, artearen poetikotasunetik, gerraren ondorioei buruz gogoeta egitera gonbidatzen du irakurlea.
Gerra baten erdian harrapatuta dagoen haur baten istorioa kontatzen du liburuak. Protagonista ume bat da, baina adin guztietako irakurleei zuzenduta dago. Antxiñe Mendizabal editorearen arabera, “haurrekin partekatzeko liburua da Klera”.
Lantaldeari dagokionez, Leire Bilbao idazlearen testuak eta June San Sebastian ilustratzailearen irudiek Maite Larbururen musika eta Kukai Dantzaren koreografiak dituzte lagun liburu honetan. Dantza eta musika, berriz, QR kodigoen bidez azalduko dira koadernoan. Kode horiekin David Bernuesek zuzendu dituen bideoak sakelakoan ikusi ahal izango ditu irakurleak. Testuez eta ilustrazioez gain, egitasmoak lau bideo eta bi audio biltzen ditu. Izan ere, Klera diziplina arteko proiektua da, artearen begirada ezberdinetatik gerra ezari eta elkarbizitzari dei bat egiteko.