Sarai Roblesek irabazi zuen Mariano Izeta Sariketa 2022an (argazkia: Nafarroako Bertsozale Elkartea)

Nafarroako bertsolari gazteei bultzada emateko asmoz Izeta Bertso Sariketa antolatu dute Baztanen

Mariano Izetak herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertzeko helburua du bere izena daraman sariketa honek.

Azaroaren 23an, 16 eta 30 urte bitarteko Nafarroako hamasei bertsolarik hartuko dute parte Mariano Izeta Bertso Sariketaren hamaikagarren edizioan.

Sariketa arratsaldean izango da, Baztanen. Erratzun eta Elizondon aldibereko bi kanporaketa izango dira seina bertsolarirekin. Horietatik sei sailkatuko dira gaueko finalerako. Afalosteko saio gisara jokatuko da finala, gaueko 21:00etan, Elizondoko Kortarixar jatetxean.

Elizondoko kanporaketari dagokionez, Intza tabernan izango da, 18:00etan. Bertan, Ainara Ieregi Aranburu (Barañain), Beñat Astiz Isasi (Barañain), Eki Mateorena Zozaia (Leitza), Endika Legarra Nuin (Iruñea), Idoia Granizo Uribarrena (Altsasu) eta Julen Bernaldo de Quiros Royo (Iruñea) bertsolariek hartuko dute parte. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Irati Agesta Latasa ariko da.

Bigarren kanporaketa Erratzuko Zubi-Punta tabernan izango da 18:00etan. Ekain Alegre Gil (Altsasu), Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera), Etxahun Azkarraga Fernandez (Etxalar), Josu Txoperena Iribarren (Lesaka), Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza) eta Mikel Lasarte Cia (Barañain) izango dira lehian arituko diren bertsolariak eta gai-jartzailea Maialen Belarra izango da.

Izeta gogoan

Oraingoan ere Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak antolatu dute sariketa. 2004. urtean antolatu zuten sariketa lehen aldiz, eta bi urtean behin jokatu da ordutik; tarte horretan, ondorengoak izan dira txapeldunak: Jon Barberena, Oier Lakuntza, Jon Elizetxe, Iñaki Aleman, Aimar Karrika, Saioa Alkaiza, Joanes Illarregi, Saats Karasatorre, Xabat Illarregi eta Sarai Robles.

Mariano Izetak (Elizondo, 1915-2001) herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertzeko helburua du bere izena daraman sariketak. Lanbidez erloju-konpontzailea zen Izeta, baina horretaz gain lan itzela egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten. Egindako guztiagatik, Baztango seme kuttuna izendatu zuten. Idazle, “Nafar Izkuntza”-ko kolaboratzaile, Euskaltzaindiako kide, Baztango hiztegien egile, mutil-dantzen sustatzaile… hamaika kontutan ibili zen Izeta.

Bertsolaritza izan zen bere zaletasunik handienetakoa. 1936. urtean egin zen lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu eta hortik aurrera hamaika bertso saio antolatu zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea izan zen.

Izeta Sariketak Nafarroako bertsolari gazte eta hasiberriei bultzada ematea du xede, plazak eskainiz, haien bertsogintza garatu eta ezagutzera eman dezaten.

Zabaldu:

Utzi erantzuna