Pantea artistak Tabakalera inguruko hotsak eta Donostiako hegaztienak fusionatzen ditu; landa-grabazioetatik datozen soinuak dira, hegazti horiek migratzen duten tokietatik zuzenean transmitituak.
Donostiako Tabakalera zentroak Pantea artista iraniarrak diseinatutako Simorgh izeneko soinu-instalazioa aurkeztu du, Scala programaren barruan. Espazio honetarako propio sortutako pieza honen izenburua, Simorgh, antzinako jakinduria eta ezagutza irudikatzen dituen Irango “simurg” hegazti mitikotik dator. Simurgen alegorian oinarritua –persieraz “sī murğ” ere deitua, “hogeita hamar txori” esan nahi duena– hausnarketa sakona egitera gonbidatzen gaitu ekologiaz, migrazioaz, eta gizakien eta ez-gizakien arteko hartu-eman interdependenteez.
Simorghek entzute aktiboko gune bat eskaini nahi du Tabakaleran, ingurumenarekiko loturaz eta planetan elkar bizi diren ekosistemez –gizakienak ez diren horiez– galde egiteko topalekua izan dadin.
Instalazioan, artistak Tabakalera inguruko hotsak eta Donostiako hegaztienak fusionatzen ditu; landa-grabazioetatik datozen soinuak dira, hegazti horiek migratzen duten tokietatik zuzenean transmitituak. Instalazioa egunez egun eboluzionatzeko diseinatu da, eta hartzen duen programazioak ingurunea imitatu, eraldatu eta berarekin elkarrizketa bat ezartzen du, “gizakiena ez den fikzio” moduko batean. Egun bakoitzean, hogeita hamar espezietatik, hegazti bat izango da soinu-esperientziaren protagonista, entzunaldi bakoitza ekintza errepikaezin bihur dadin.
Pieza estereo-soinuen lau geruzaz (zortzi kanalez) osatuta dago, eta soinu-esperientzia inguratzailea sortzeko konbinatu dira. Geruza horietako bat zuzenean transmititzen da Locus Sonus-en bidez. Beste hiru geruzak hegaztien kantu espezifikoen grabazioak dira, iraupen desberdineko loopetan antolatuak, nahaste jarraitua eta aldakorra eskaintzeko asmoz. Obraren zati hau Cristina Enearekin lankidetzan garatu zen, inguruan dauden 30 hegazti-espezie identifikatzea ahalbidetu zuen ikerketa baten bidez.
Soinu-iturrien artean Xeno-canto komunitatearen erregistroak ere badaude, Creative Commons lizentzien pean mundu osoko hegaztien kantuak biltzen eta partekatzen dituen online artxibo kolaboratibokoak. Audio-geruza horiek guztiak konbinatzean, etengabe aldatzen den “elkarrizketa” bat birsortzen du lanak hegaztien presentzia dinamikoa islatzeko, arabazozo pikartena, arrano txikiena, eta flamenkoena, beste espezie askoren artean.
Migratzailearen poetika
Simorghek modu kontzientean jorratzen ditu migrazio-fluxuak eta muga lausoak klima-aldaketaren eta behartutako desplazamenduen aroan. Tabakalerako eskailera nagusia igarobide bat da eta audio-pistak egunean zehar lekualdatuko dira bertatik. Mugimendu-egoera horrek indartu egiten du migrazioaren eta konektibitatearen gaia, klima eta lurraldeak krisian diren testuinguruan. Gainera, lan honek diagrama bisual bat du paretan, egunero entzuten diren hegaztien egutegi espekulatibo bat aurkezteko, baita habiak eraikitzeko errezeta bat ere; tokiko materialetatik abiatuta, besteak beste buztin-lurra, almidoia eta zurtoin lehorrak, publikoa keinu poetiko horiek beren inguruneetan erreplikatzera gonbidatzen du.