(argazkia: Bilboko Udala)

Asteazkenean egingo da Berbagunea Bilbon

Alondegiak hartuko du hirian euskararen erabilera sustatzea eta normalizatzea helburu duen ekimena. Euskara ulertu eta hitz egiteko gai diren guztientzat -euskaldunak zein euskara ikasten ari direnentzat- zabalik dago jardunaldia.

Ehunka lagun inguru izango dira Berbagunearen hamaikagarren edizioan, datorren asteazkenean, azaroak 20, 09:30etik 18:30era Bilboko Alondegia zentroan.

Ekimenak euskararen erabilera Bilbon sustatzea eta normalizatzea du helburu. Antolatzaileek azaldu dutenez, “espero da ekimenean ehunka pertsonak parte hartzea. Helburua, aurten ere, adin eta kondizio guztietako euskaldunak mahai baten inguruan euskaraz hitz egitera biltzea da. Hiru txanda izango dira goizez, eta bat arratsaldez, bakoitza ordu eta erdikoa: 9:30etik 11:00etara, 11:00etatik 12:30era, 12:30etik 14:00etara, eta 17:00etatik 18:30era.

Mahaikide bakoitzak hiruorriko bat izango du landu behar diren hiru gaiekin. Mahai bakoitzak moderatzailea izango du. Moderatzailea euskaldun osoa izango da eta bere eginkizuna elkarrizketa sustatzea izango da sei mahaikideen artean. “Gonbidatuko ditugu gizartean nolabaiteko oihartzuna duten pertsonak: kultur arlokoak, kirol arlokoak, alderdi politikoetako ordezkariak eta beste sektore batzuetakoak, ekimenean parte har dezaten eta kaleko jendearekin mahai baten inguruan hitz egiteko elkartu daitezen”.

Berbagunean parte hartzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik www.berbagunea.eus webgunean izena ematea, inprimaki sinple bat beteta.

Zabaldu:

Utzi erantzuna