(Donostiako Udala)

‘Bizkarsoro’ filma Donostiako zinema aretoetan eta Antzoki Zaharrean ikusteko aukera egongo da ostegunetik aurrera

Udaberrian, filmaren bospasei emanaldi eskaini ziren Donostian, hainbat auzotako kultur etxeetan, baina herritar askok ez du filmaren berri izan eta orain filma pantaila handian ikusteko aukera izango dute. XX. mendean zehar gertatzen diren bost istorio ezagutuko ditugu film luze honetan. Bizkarsoro existitzen ez den herri bat da, baina Euskal Herriko edozein herri izan zitekeen.

Josu Martinez zinemagileak zuzendutako Bizkarsoro filma Donostian ikusi ahal izango da azaroaren 22tik aurrera zinema-aretoetan, Donostiako Udalaren, Bageraren eta Saderen elkarlanari esker.

Joan den udaberrian, Korrika Kulturalarekin bat eginez, Bizkarsoro filmaren bospasei emanaldi eskaini ziren hirian, hainbat auzotako kultur etxeetan, baina herritar askok ez du filmaren berri izan eta orain filma pantaila handian ikusteko aukera izango dute.

Saderen zinema unitateko zuzendari Iñaki Elorzak azaldu duenez, “Saderentzat funtsezkoa da euskal ekoizpenak euskal kulturaren oinarrizko osagai gisa sustatzea eta hedatzea. Gure zinema aretoetan Bizkarsoro filma jartzeko proposamenari gustura heldu diogu eta ikusleek erantzutea eta gozatzea espero dugu”.

Gainera, DBHko, Batxilergoko eta lanbide heziketako zikloetako hamahiru ikastetxetako 1.572 ikaslek Antzoki Zaharrean ikusteko beta izango dute, abenduaren 16tik 18ra bitartean, goizez.

Ikasleek filma ikusi aurretik eta ondoren, jorratzen duen gaia landuko dute gelan, espresuki prestaturiko unitate didaktiko batez baliatuta. Jon Insausti kultura eta euskara zinegotziaren esanetan, filmak jasotzen duena ulertzeko baliabideak ematea garrantzitsua da. “Unitate didaktikoaren bitartez testuingurua emango diegu gazteei, XX. mendean euskarak eta euskaldunek jasandako errepresioa ezagutuko dute eta hizkuntzaren transmisioaz eta egoeraz jardungo dute. Azken finean, euskarak bizi duen egoera minorizatua ulertzeko arrazoiak ezagutu eta horren gainean hausnartzeko eta gogoeta egiteko bide emango diegu”.

360 emanaldi eta 30.000 ikusle

Iazko Donostiako Zinemaldian estreinatu zen Bizkarsoro eta ordutik ibilbide luzea egiten ari da: Donibane-Lohizuneko zinema-festibalean eta Hazparneko Zineginen aurkeztu eta gero, herriz-herri 360 emanalditik gora izan ditu eta 30.000 ikusle Euskal Herri osoan.

Josu Martinezen esanetan, herri-zinematzat har daiteke Bizkarsoro filma, “Baigorri eta inguruko 200dik gora herritarrek borondatezko lana egin baitzuten kamera aurrean zein atzean, egun euskara ofiziala ez den eremu batean”.

Amets Ibero Bagerako ordezkariaren ustez, “Bizkarsorok euskararen jazarpena eta euskaldunon erresistentzia zein bizi-gogoa azaleratzen du”. Bere esanetan, “filmak ikuslearen kontzientzia astintzeko balio du. Non galtzen da hizkuntza bat eta nola iraun dezake bizirik? Zer dago hiztunen esku eta nola egin aurre legezko gutxiespenari, debekuari, zigorrari? Galdera ezagunak zaizkigu askori baina gehienok lozorroan dauzkagu”.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna