Udazkeneko edizioa azaroaren 26tik abenduaren 3ra bitartean izango da Galdakaon.
Galdakaoko Sormene Plazak euskara hegemonikoa izango duen programa ardatz hartuta, euskara sormen genero berrietan txertatu eta emakumeek kulturaren transmisioan izan duten funtzioa erakustea izango du helburu.
Antolatzaileen esanetan, “euskarazko kulturaren ekosistema indartzeko helburuarekin abiatu zen 2020.urtean Sormene. Geroztik osatu diren zazpi edizioetan, euskarazko sortzaileen lana herritarrengana hurbildu eta euskal kulturaren transmisioan lanketa sakona egitea bultzatu du, (etxean, kalean hezkuntza arautuan eta ez arautuan)”.
Aurtengo udazkeneko edizioa ere “esentzia eta arima berarekin” datorrela nabarmendu dute, azaroaren 26tik abenduaren 3ra Iturrondo plazako karpan eta herriko beste zenbait txokotan gauzatuko dena. Aste horretan zehar, ikasleekin eta gurasoekin lanketa egiteko askotariko ekitaldiak prestatu dituzte, hala nola irakurraldi komunitarioa, pandero-tailerrak, kantagintzari buruzko hitzaldia gurasoentzat, ikerketa-lanen aurkezpenak, bertso-saioak, antzerkiak eta bakarrizketak, beste batzuen artean.
Aurten, talde eragileen ekarpenak aintzat hartuta, ahozko transmisioan jarri da begia. Izan ere, “betidanik nagusiki ahozkoa izan da kulturaren transmisioa, baina duela mende erdi eta orain ezberdin prestatzen dugu gure burua ahoz komunikatzeko. Gaur egun, aurrez eta idatziz prestatzen dira ahoz kontatu eta kantatuko direnak. Garai batean ez dakigu hain idatzizkoa zen aurre-lana. Esaterako, Romualda Zuluaga pandero-jole galdakoztarrak kantuen bidez kontatzen zituen auzoko edo herriko berriak, eta errepikapenak eta errimak baliatuko zituen koplak gogoan hartu eta jendaurrean eskaintzeko”.
Kantuz kontatu
Antolakuntzak nabarmendu duenez, “ahoz edo idatziz, transmisioa behar du kulturak: artistek entzuleei, irakasleek ikasleei, gurasoek seme-alabei… gaur arte nagusiki ahozkoa izan baita kulturaren transmisioa, baina forma berriak aurkitu beharrean gaude. Behar horretan arakatzera dator Sormene”.
Horretarako, alde batetik, Galdakaoko sortzaileen lana eta bizimodua dokumentatu eta zabalduko du, emakumeen garrantzi bereziarekin. Izan ere, Zuluagari buruzko Romualda panderoaren bidaia hilezkorra liburua ondu du Gontzal Carrasco historialariak eta trikitilariak, eta herrian egingo da liburuaren aurkezpena azaroaren 29an arratsaldeko 18:00etan. Irakurketa bateratua izango da eta Romualdaren familiak, Bekeako bizilagunek, Andra Mari, Erabide eta Leidu elkarteek zein beste zenbait herritarrek irakurriko dituzte labetik atera berria den liburuaren zatiak.
Bestalde, literatura arloan ere, azaroaren 30a izango da Sormeneren ekitaldi gehien batuko den eguna. Besteak beste, egun osoan zehar, euskararen konpromisoa erakutsi eta irakurletasuna bultzatzeko Liburua opari ekimena dakar Bagabiz Euskara Elkarteak; jarraian, Eguerdi Filosofikoak herriko artista gazteak eta Euskal Herriko mailakoak elkarlanean batuko ditu filosofia eta sorkuntza uztartuz; azkenik, arratsaldean, kultura tradizionala eta abangoardia uztartuko ditu Euskara (b)ere saltsan ekimenak, Divenire dantza akademiaren euskarazko saltsa tailerraren eta Goxua’n Salsa taldearen kontzertuaren bidez.
“Azken finean, egunerokoan euskaraz egiten ez diren ekimenak euskaraz egitea eta euskal sormenaren esparruak zabaltzea da ekitaldiaren nahia. Horretarako, kultur transmisioan eragiteko ahaleginak etenik gabeak izango dira Sormenen”.
Egitaraua: