(argazkia: Tabakalera)

‘Agur eta ciao’ lelopean abiatuko da gaur Feministaldia Donostian

Irakurketa eta solasaldiak, errezitaldiak, hitzaldiak, agerraldiak, performanceak, DJak eta festa izango dira nagusi aurtengo edizioan. 

Agur eta ciao lelopean emango diote hasiera Feministaldiaren XIX. edizioari. Gaur, azaroak 20, Egiako Le Bukowski tabernan egingo den hitzaurrearekin hasiko da eta hilaren 27an eta 28an Kontadores gazte zentroan jarraituko du. Azaroaren 29an eta 30ean Tabakalerara lekualdatuko da, eta Dabadaba aretoan emango zaio Donostiako atalari itxiera. Abenduaren 14an, berriz, Gasteizko ZAS espaziora lekualdatuko da jaialdia; aurten, lehenengoz, Inmersiones jaialdiarekin “ahizpatu” baita Feministaldia.

40 inguru artista, aktibista, pentsalari eta kolektibok osatzen dute aurtengo gonbidatuen zerrenda. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “Palestinako Al Qaws for Sexual & Gender Diversity in Palestinian Society taldeko bi aktibistek Palestinan genozidio garaian egindako erresistentzia queer eta dekolonialari buruz hitz egingo dute. Gainera, Erreddad eta Usmen Marokoko bi aktibista ere etorriko dira, bertan antolatutako queer mugimenduaz mintzatzera. Datorren asteko ostegunean izango da hori, Kontadoresen, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministako kideekin batera. Egun bat lehenago, azaroaren 27an, asteazkena, jaialdiari harrera egiteko inguruan ditugun bi kolektibo izango dira, Bollotopaketak eta Mefsst; hau ere Kontadoresen, Maite Aizpuruaren antzerki batekin eguna bukatzeko.

Azaroaren 29an, berriz, Tabakalerara mugituko dira, eta bertan lau pentsalari eta idazle izango dira. Larunbatean, joan den urtean egin zuten “gala” formatuarekin jarraituko dute, aurten Las Nenas kolektiboko kideek gidatuta.

Larunbateko eskaintza zabala izango dela adierazi du antolakuntzak, “16.00etatik 22.00etara arte luzatuko gara, hainbat hitzaldi, performance, abesbatza, irrati-saio edo kantarirekin batera. Azkeneko ordu eta erdian festarako prestatzeko tartea ere izango dugu, fantasia-txokoan, Maider Aldasoro eta Uxoren eskutik”.

Gonbidatuen aniztasuna ere azpimarratu nahi izan dute: Aipatu dituztenez gain, idazleak izango dira (Dalia Rosetti, Vito Gil-Delgado, Elaine Vilar Madruga, Berna Wang, Tania Safura), hainbat motatako kolektiboak (Pomada Banda, Gaua, Patiyoko Atzuak, Emakumea* Surflari Elkartea, Donostiako Emakumeen Etxeko Ederlezi Abesbatza), performerrak (Yun Ping, Soo-Hyun Moon, Maria Ibarretxe), eta baita beste hainbat artista eta pentsalari ere (Elena Castro Cordoba, Irene Coulon, Udane Barinagarrementeria, Leire Ugalde, Maria Roson, Leyao Rovira, Lorea Alfaro).

Dabadaba aretoan emango diote amaiera jaialdiari Labarren kontzertuarekin eta LaMia Mari, LinaPary eta Elena Barker dj-ekin.

Laura Muelas eta Leire San Martin izan dira, edizio honetan ere, jaialdiaren antolatzaileak. Bikotearekin batera aritu da prestaketa lanetan ondorengo lantaldea: Miren Jone Lizarzaburu, Yuan Yuan Zhou, Mirari Echavarri, Idoia Zabaleta, Laida Zapre eta Ane Lusarreta. Udaberrian, Arabako Azala espazioan, topaketak egin zituzten jardunaldiak pentsatu eta egitaraua osatzeko.

Jaialdiko emanaldietan sarrera librea izango da, edukiera bete arte. Hitzaldietako batzuk bideo bidez grabatuko dira eta feministaldiaren youtube kanalean egongo dira ikusgai. Gainera, emanaldien jarraipena egiteko aukera egongo da sare sozialen bidez, eta www.feministaldia.eus webgunean.

Zabaldu:

Utzi erantzuna