Euskal komunitate nazionalaren osagai linguistiko, historiko, politiko, sozial eta kultural ugari kontuan hartuz, idazleak transformazio betean dagoen giza-talde baten itxi gabeko eztabaidak bildu ditu liburuan.
Ez aurrera eta ez atzera egoteak sortzen duen ezinegonetik abiatu da Joseba Zulaika antropologo, pentsalari eta idazlea Aberriaren inpaseak saiakera (Alberdania) osatzeko. Gaur egungo eztabaida askoren kale itsuei beste modu batera begiratzeko osagaiak aurkituko ditu irakurleak liburu honetan: “euskaldunak gara ala baskoak? Euskararen aberria nahi dugu ala estatu independentea? ‘Gizartea’ ala ‘herria’ izan behar dira ardatz gure politiketan?”, behin betiko erantzunak baino, irakurlea gure geldiaro honen zergatiez pentsatzera eramango du liburuak.
Egileak azaldu duenez, “saiakeraren lehen tesia da, Iraultza eta Erreforma garaiak agortuak, impassearen garaian bizi garela euskaldunok. Bigarren tesia da impasse horiek beharrezkoak direla euskal subjektu berriak sortzeko”. Autorearen esperientziatik abiatuta aztertzen dira euskal kulturaren blokeoak eta anakroniak. “40 urte atzerrian ibiliz gero, berreuskalduntze baterako prozesuan aurkitutako erronka eta nahasmenen inbentarioa da hau”, azaldu du. “Izan euskara, politika, historia, feminismoa, literatura, kapitalismoa, edota subjektibitatea bera, esparru guztietan ditugu ez aurrera ez atzerako sokatirak. Euskal testuinguruan bata bestearekin lotzen direla azaldu nahi da hemen. Lokagune egoera hauek ez dira antagonismoak edo kontraesanak besterik gabe; areago, espazio politiko berriak eskain ditzaketela sujeritzen da”. Euskararen egoera aztertu, edo euskal gizartearen etorkizunari begiratu, etsipenerako arrazoiak ez, baikortasunerako motiboak aurkitzen ditu egileak.
Gorka Bereziartua editorearen arabera, “gutxitan lortzen du saiakera batek puri-purian dauden gaiei buruzko gogoeta egitea eta, aldi berean, hamarkadetako korronte sakonen perspektiba edukitzea”.
Euskal komunitate nazionalaren osagai linguistiko, historiko, politiko, sozial eta kultural ugari kontuan hartuz, idazleak transformazio betean dagoen giza-talde baten itxi gabeko eztabaidak ekarri ditu liburu honetako orrialdeetara. “Gure buruaz eta bizi dugun inpase momentu honetaz beste era batera pentsatzeko helduleku ugari eskaini ditu, maila teoriko handiko gogoetak edozeinek ulertzeko moduko hizkerarekin uztartu dituen saio honetan”, bukatu du Bereziartuak.