Epaimahaiak saioko bertso onenaren saria ere eman zuen. Kasu honetan, Beñat Astizentzat izan zen, hamarreko txikiko bigarren bertsoagatik.
Joan den larunbatean jokatu zen XI. Mariano Izeta Bertso Sariketa, Baztanen. Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak antolatu zuten sariketa, Mariano Izeta bertsozale eta euskaltzale baztandarraren (Elizondo, 1915-2001) omenez.
Denera, Nafarroako hamabi bertsolari gaztek hartu zuten parte sariketan. Arratsaldean, bi kanporaketa izan ziren, seina bertsolarirekin. Horietatik, seik lortu zuten arratsaldeko finalerako txartela, saio bakoitzeko lehen hirurak. Elizondoko Intza ostatuan jokatutako kanporaketan, hain justu, Beñat Astiz, Endika Legarra eta Idoia Granizo izan ziren sailkatuak; Erratzuko Zubi-punta ostatuko saioan, berriz, Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain eta Mikel Lasarte sailkatu ziren.
Hala, 50 lagun ingururen aurrean, sei horiek jokatu zuten finala, afalostean, Elizondoko Kortarixar jatetxean eta Zigor Gartzia Zian gai-jartzaile zela. Bestalde, bost epaile aritu ziren bertsolarien lana epaitzen: Amaia Telletxea, Nerea Bruño, Patxi Barberena, Joseba Beltza eta Julen Zelaieta. Horiek emandako puntuen arabera, Ekain Alegre izendatu zuten txapeldun, 328,5 punturekin. Haren ostean sailkatu ziren Ekhiñe Zapiain (328), Mikel Lasarte (314), Beñat Astiz (300,5), Idoia Granizo (294,5) eta Endika Legarra (284,5)
Txapeldunaz gain, saioko bertso onenaren saria ere eman zuen epaimahaiak. Kasu honetan, Beñat Astizentzat izan zen, hamarreko txikiko bigarren bertsoagatik. Bi sariak, txapela zein bertso onenarena, Ines Izetak, Mariano Izeta zenaren alabak, banatu zituen.