Ekimenak Bizkaiko museo eta aretoetako ondarea eta bertsogintza uztartuko ditu, bisitariei esperientzia kultural berezi eta erakargarri bat luzatzeko helburuarekin. Azaroaren 29an eta 30ean eta abenduaren 1ean eta 3an izango dira bisita gidatuak.
Euskarak munduari begiratzeko aparteko modu bat eskaintzen du, eta, aurten ere, begirada hori bertsolarien bidez islatu nahi dute Bizkaiko museo eta aretoetan, Gida Bira, gure museoak bertsotan ekimenari esker.
Ekimena Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatu du Bizkaiko Aldundiak eta hamasei bertsolarik hartuko dute parte, azaroan 29an eta 30ean eta abenduaren 1ean eta 3an.
Leixuri Arrizabalaga diputatuak azaldu duenez “Gida Biraz baliatuz, ondare materiala ezagutuko dugu ondare immaterialaren bidez. Hau da, Bizkaiko hamar museo eta areto berrezagutu ahal izango ditugu, hamasei bertsolarik parte hartzen duten bisita gidatuetan”.
Arrantzale Museoan izango da lehen saioa
Ostiralean abiatuko da Gida Bira Bermeoko Arrantzale Museoan, Ander Elortegi eta Enare Muniategi bertsolarien eskutik, 18:00etatik aurrera. Iñaki Marcaidaren argazkiekin edertutako Bermeo Portu Zaharra 1877-2024 erakusketan murgilduko dira bertsolariak.
Azaroaren 30ean, berriz, bi izango dira hitzorduak: Bilboko Arkeologia Museoan, Iruri Altzerreka eta Gorka Pagonabarraga bertsolariak izango dira, 17:00etan, eta Neandertalak erakusketa izango dute abiapuntu. Gainera, Bilboko Euskararen Etxean, Maite Sarasola eta Xabat Galletebeitia egongo dira, 12:00etan, Euskararen Interpretazio Zentro berrituko edukiei buruz aritzeko.
Abenduaren 1ean, bost saio izango dira: Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoan Koldo Gezuraga eta Izaro Bilbao arituko dira bertsotan, 12:00etan. Bertan, Pieza bat, istorio bat: Oihal ebakitzailea aldi baterako erakusketa dago ikusgai; Muskizen El Pobaleko Burdinolan, Iruri Altzerreka izango da bertsotan 11:30etik aurrera, Olentzero eta Mari Domingi ere museoan izango dira egun horretan; Gernikako Euskal Herria Museoan, Iker Uriarte eta Janire Arrizabalaga bertsolariak arituko dira bisita berezi hau gidatzen, 12:30ean; Santimamiñen (Kortezubi), Aissa Intxausti eta Aitor Etxebarriazarraga izango dira, 12:00etan; eta, azkenik, Bakioko Txakolingunean, Jone Larrinaga eta Asier Galarza bertsolariek hartuko dute parte, 12:00etan.
Azkenik, abenduaren 3an bi saio izango dira, biak ala biak Bilbon: goizez, 11:30ean, Xabat Galletebeitia eta Ane Labaka bertsolariak Bizkaiko Foru Jauregian arituko dira bertsotan, eta arratsaldez, 18:00etan, Maite Sarasola eta Eneko Abasolo Abarkas bertsolariek Ondare Aretoko bisita gidatuko dute eta Kameratik Orratzera, Eulalia Abaituaren argazkietatik abiatutako Bizkaiko XIX. eta XX. mendeko emakumeen jantzien erakusketa, izango dute hizpide.
Bisita gidatuetan parte hartzeko izena eman beharko da aldez aurretik.