Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak euskara lan-hizkuntza duten interpreteen profila zehaztu nahi izan du (generoa, adina, prestakuntza, lantokia, lan-erregimena…), eta haien beharrak identifikatu, lan-baldintza duinak aldarrikatzeko ezik, interpretearen figura eta jarduna hobeto ezagutzeko ere.
Interprete lanbideak mehatxu askori egin behar izan dio aurre azken aldian. Espainiako Senatuan hizkuntza koofizialetarako interpretazio- eta transkripzio-zerbitzuaren lizitazioa izan da azkena. “Bai Kongresuko eta bai Senatuko lizitazioen pleguek kezkatzeko moduan kaskartu dituzte interprete lan-baldintzak: tarifak merkatukoak baino askoz baxuagoak izateaz gain, interpreteek doan ere egin beharko dituzte zenbait lan”, adierazi du Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE).
Elkartearen arabera, Estatu espainiarrean ez ezik, Euskal Herrian ere ohikoak dira interpreteen lan-baldintzak auzitan jartzen dituzten gertakariak. Esate baterako, “askotan, interpreteek ez dituzte (garaiz) jasotzen hizlariek irakurtzen dituzten testuak -horietako asko datuz josiak, oso espezializatuak…–, nahiz eta behin eta berriz eskatu aldez aurretik landu ahal izateko eta lana behar bezala egin ahal izateko.
Horregatik, elkarteko interpreteak kezkatuta dabiltza, eta halako praktikak gero eta sarriago gertatzen ari direla diote. Horretaz jabeturik, EIZIEk euskal interpreteen lan-baldintzen diagnostikoa egitea erabaki zuen, galdetegi batean oinarrituta, interprete profila zehaztu eta profesional hautematen dituzten beharrak identifikatzeko.
Lehen aldia da horrelako lan bat egiten dena. “Helburua ez da izan errolda exhaustibo bat osatzea, baina, hala ere, oso datu interesgarriak eman ditu, lan-baldintzekin zerikusi zuzena duten hainbat gairen inguruan galdetu baitzaie euskal interpreteei: interpretazio-lana egiteko azpiegitura, hizkuntza-konbinazioa, tarifak, dokumentazioa aurretiaz jasotzea, itzultzaile automatikoaren erabilera…”.
EIZIEk Konferentzietako Interpreteen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, eman du argitara diagnostikoa. Izan ere, “azterketan bildutako datuei esker, orain hobeto ezagut ditzakegu euskararen normalizaziorako funtsezkoak diren bitartekarion profilak eta beharrak, eta, era berean, gizarteari hobeto azal diezaiokegu interpreteak nolakoak diren, zer egiten duten eta zer- nolako zailtasunak izan ohi dituzten beren eguneroko lanean”.