Irakurle berrientzako lehenengo komikia aurkeztu dute Linbo Planeta izenburupean. Irakurterraza, arina eta irudimentsua dela dio egileak.
Paula Estevez marrazkilariak eta Dejabu antzerki konpainiak Linbo Planeta komikia aurkeztu dute Elkar argitaletxearen eskutik. Irakurle berrientzako lehenengo eleberri grafikoa da honakoa, irakurterraza, arina eta irudimentsua.
Komiki berri hau Dejabu konpainiak 2017an sortutako haurrei zuzendutako antzezlanean oinarrituta dago. Protagonista Numa da, zortzi urteko neskatila bat. Gerrak suntsitutako hiri baten etxe hondarrez inguratuta bizi da. Hondamendiaren erdian, bere bizilekua sortzea lortu du, baina bakar bakarrik bizi da bertan, bere panpinak dira duen konpainia bakarra. Tarteka jasaten duen erasoei aurre egiten ikasi du oso azkarra baita eta aparailuak sortzen trebea, baina aspaldian aspertzen hasia da, faltan botatzen ditu lagunak. Linbo txakurra azalduko zaio orduan eta elkarrekin bidaia zirraragarri batean murgilduko dira, izarrei jarraika.
Estevezek azaldu duenez, “istorio honetako helburuetako bat irakurleari modu ludiko eta jostagarri batean, halako egoera zaila bizi duten beste lurraldeetako pertsonen errealitatea ezagutzera ematea da”. Linbo Planeta ezberdintasunak, askatasuna, irudimenaren aldeko aldarria egiten duen istorioa da. “Gure mundutik atera gabe, galaxia osoa zeharkatu nahi duen komiki honek gizakiok bizirauteko asmatutako tresnarik boteretsuenak ditu lanabes nagusi: irudimena, jolasa eta itxaropena”, gaineratu du marrazkilariak.