‘Bestelako argiak’ jaialdia egingo dute abenduaren 20tik urtarrilaren 6ra, Iruñean

Bederatzigarren edizio honetan, proiekzioak, instalazio artistikoak eta haur eta familientzako lantegiak izango dira.

Gauaren iluntasuna baliatuta, Iruñeko Ziudadela ‘Bestelako argiak’ jaialdiaren agertokia izango da aurten ere. Proposamen artistiko honek harresitutako barrutian argiarekin, koloreekin eta mugimenduarekin jolasten du Eguberrietan. Jaialdia abenduaren 20tik urtarrilaren 6ra izango da edozein adinetako ikusleentzat, eta sarrera librea izango du; jaialdian bideoarte-proiekzioak eta instalazio interaktiboak egongo dira ikusgai arratsaldero, 17:30etik 20:30era. Gainera, haur eta familientzako sorkuntza-artistikoko lantegiak antolatu dituzte goizez eta arratsaldez. Hauetan parte hartzeko Ziudadelako Arma Aretoan izena eman beharko da.

Bederatzigarren edizioan, Armada etorbidetik Ziudadelara sartzeko tunela, Laguntza Ateko tunela, eta 8. kaserna izango dira hiru instalazio interaktiboen agertokiak; kasernako instalazioa Fermin Izkok eta Logela Multimediak diseinatu dute, eta beste biak Atezaina izeneko kolektiboak. Nor dabil hor?, Lurra eta Patua dira instalazioek dituzten izen iradokitzaileak. Instalazioetan ikus-entzunezko erakusketa bat, mihise argitsuzko triptiko bat, eta helmuga baten xerka dauden ihespuntuak josten dituzten hari distiratsuak.

Ziudadelara sartzeko gune horietaz gain, barruan zortzi erreferentzia-puntu sortuko dituzte, hainbat bideoarte-lan proiektatzeko. Horietako lau Zinetika jaialdiko zinema-hautaketaren parte dira, eta beste lau Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bildumakoak dira. Toki hauetan proiektatuko dituzte: Labearen kanpoaldeko alboko paretan, Mistoen eraikinaren kanpoaldeko atzealdeko paretan, Done Jakue bastioian, Lidia Biurrun aretoaren kanpoaldean, Errege-bastioian, Bolborategiaren kanpoaldeko atzealdeko paretan, Armada etorbideko harresian (Ziudadelaren barrualdean) eta harresitutako barrutiko pinu-ilaran.

Zabaldu:

Utzi erantzuna