Kontzertuak, ikuskizunak, tailerrak, Gabonetako jarduerak eta erakusketa bat, besteak beste, izango dira martxoaren 20ra bitartean.
Uztailean hasitako martxari jarraituz, Lazarraga Kultur Elkarteak negurako ere diziplina anitzez osatutako programazioa osatu du. Abenduaren 21ean hasi eta martxoaren 20ra bitartean, mota askotariko jarduerak antolatu dira euskal kulturara gerturatu nahi duen ororentzat.
Hala, Jon Basagurenekin elkarlanean bideratu den kontzertu zikloa antolatu dute. Bertan, Joseba Irazoki, Orbel eta Eñaut Zubizarreta igoko dira oholtzara.
Ikuskizunak
Giltxikaro antzerki taldearen Alperrak, tunanteak eta maleanteak antzezlana ikusteko aukera ere egongo da. Gainera, Karkarkar: Probalekua euskara hutsean egindako umorezko bakarrizketa saioa, Susa Argitaletxearen Heriotzak Eduardo du izena, Maialen Lujanbioren RR_6_erre(AH)ala ikuskizuna eta DAB kolektiboaren Nun Zira? Piezaz gozatzeko aukera ere egongo da.
Ikastaro eta tailerrei dagokienez, Habitat ikastaroa interaktiboa (Iñigo Gonzalez Ruiz de Larramendik bideratuta) eta Euskaldunentzako Jabetze Eskola (UEUrekin elkarlanean eta Manex Agirrerekin koordinazioan) antolatu dituzte.
Bestetik, Gernikak. Begiradak erakusketa (bisita gidatuak, mahai ingurua, hitzaldia eta jarduera osagarriak) bisitatzeko beta izango dute kulturgunera hurbiltzen direnak.
Euskaltegiekin elkarlanean, The Florida Project, Suk Suk eta Gaza mon amour (Filmazpit) filmak proiektatuko dira eta baita Euskara Pantaila Handian zikloaren baitako hainbat lan ere.
Gabonetako programazioa ere antolatu dute elkartekoek: Nondik arkitektura estudioarekin batera ikastaroak (gai ezberdinak: Ipuinetako espazioak, Munduko etxeak, Objektuen magia, Ibilbide paisaia), Txiki-zinema (Udare erraldoiaren istorio harrigarria, Ama Mu etxera itzuli da, Phantom boy, Gabi, Nur eta herensugearen tenplua, Teresa eta galtzagorri), Robotika tailerra, Ideiatik bideo-jokora ikastaroa eta Teatro Paraisoren Lorategian ikuskizuna.
Azkenik, aurkezpenak eta hitzaldiak izango dira: Irati. Filmaren artea liburuaren aurkezpena (Paul Urkijo), Komunikazio ez-bortizaren hastapenak (Nerea Mendizabal) eta Palestina, genozidio baten anatomia (Koldo Alzola) eta ohiko bisita gidatuak.
Aipatutako jarduera guztiak udaberrira bitartean ikusteko eta gozatzeko aukera egongo da, eta oraindik jardueraren bat edo beste lotzeko falta den arren, azken ukituak egiten dabil lantaldea buru-belarri. Azaldu dutenez, “garaiari dagokion moduan, neguko programazioari Gabonetan Jai zikloak emango dio hasiera eta gabonetako oporretan etxeko txiki eta gaztetxoek izango dute zer egina Izaskun Arrue Kulturgunera gerturatzen badira. Abenduaren 23tik urtarrilaren 4ra bitartean, askotariko egitaraua izango dute eskura haurrek eta beren familiek”:
- Abenduaren 23, 24, 26 eta 27an_Negulekuak (GEU elkartearekin batera. Izena emateko epea abenduaren 18an amaitzen da)
- Abenduaren 26, 27 eta urtarrilaren 2 eta 3an_ZTIAM erronkak (oraindik plaza batzuk libre)
- Abenduaren 30etan eta urtarrilaren 3an_Estanpazio tailerrak (oraindik plaza batzuk libre)
- Urtarrilaren 2an eta 4an_Udare erraldoiaren istorio harrigarria (Txiki-zinema)
- Urtarrilaren 4an_Motx pailazoaren Kontu kontari ikuskizuna
Gabonei begira ere berrikuntza batekin dator Lazarraga Kultur Elkartea. Izan ere, euskal kulturazleei zuzendutako eskaintza berezia jarriko dute martxan: 2025. urtean zehar erabiltzeko kultura bonua. Bonuak 70 euroko prezioa izango du eta 16 urte baino gehiago dituztenek eskuratu ahal izango dute. Bonu honen bidez, Izaskun Arrue Kulturgunean antolatzen diren sarreradun jarduerez gozatzeko aukera eskaintzen da, baina erdi-prezioan. “Arte biziei lotutako jardueretan (kontzertuak, bakarrizketak, bertso-saioak, ikuskizunak eta antzerkiak) erabili ahalko da kultura bonu hau, urtean zehar 20 jarduera ingurutan”, adierazi dute. Bonua eskuratzeko hilabeteko epea egongo da, 2025eko urtarrilaren 15era arte, hain zuzen.