Dena ondo bidean, Zuberoako hamabi herri bisitatuko dituzte Lakarri eta Altzaiko gazteek hiru hilabetetan zehar. Martxoaren 30ean bukatuko dira maskaradak Altzain.
Urtero bezala, negu bete-betean maskaradak antolatu dituzte Zuberoan, eta herrialde horretako hamabi herritan izango dira agerraldiak, martxoaren 30era bitarteko asteburuetan.
Aurten Lakarri eta Altzaiko gazteek hartu dute antolakuntzaren ardura, hain zuzen ere, euren herrian, izango dira lehen eta azken saioak. Hala, lehen emanaldia Lakarrin izango da, eta azkena, berriz, Altzain.
Hauxe da aurtengo maskaraden egutegia:
Urtarrilaren 12an, Lakarri-Arhane-Sarrikotagainen.
Urtarrilaren 19an, Zalgize-Donezteben.
Urtarrilaren 25ean, Larrainen.
Otsailaren 1ean, Altzürükün.
Otsailaren 9an, Ligi-Atherein.
Otsailaren 15ean, Pagolan.
Otsailaren 23an, Atharratze-Sorholüzen.
Martxoaren 1ean, Gamere-Zihigan.
Martxoaren 9an, Idauze-Mendin.
Martxoaren 15ean, Barkoxen.
Martxoaren 23an, Urdiñarben.
Martxoaren 30ean, Altzai-Altzabeheti-Zunharretan.
Dantza eta predikua uztartzen ditu Zuberoako maskaradak. Bertan bi talde aritzen dira: gorriak, gathuzain eta zamalzain dantzari trebea tartean, eta beltzak, basati eta bortitzagoak. Hiru zati ditu: barrikaden haustea, ofizioak eta jolasak.
Iaz Pagolako gazteek antolatu zituzten maskaradak, eta, aurreko urtean Mauleko gazteen eskutik bezala, ez zen buhamerik izan pertsonaien artean, antolatzaileek uste baitute kutsu arrazista duela pertsonaiak.