(argazkia: Bertsozale elkartea)

Aitor Sarasua bertsopaper lehiaketa martxan da

Lanak otsailaren 21era arte bidali ahal izango dira. Bertsopaper lehiaketa honen helburua bertsoaren aldaera guztien presentzia bermatzeaz gain, plazatik harago dauden bertsolariei adierazteko parada ematea da.

Bertsularien Lagunak elkarteak Aitor Sarasua bertsopaper lehiaketaren hirugarren edizioa abiatu du. Lehiaketa honek haur, gazte eta helduen sailak barne hartuko ditu.

Hala, helduen sailean, 16 urtetik gorakoek gutxienez sei bertso eta gehienez hamar idatzi beharko dituzte. Gazteen mailan, berriz, 13 eta 17 urtera artekoek gutxienez lau bertso eta gehienez zortzi idatzi beharko dituzte. Azkenik, haurren sailean, 12 urtera artekoek gutxienez bi bertso eta gehienez lau idatzi beharko dituzte.

Elkarteak nabarmendu duenez, “bertso guztiak berriak izan beharko dira, hau da, aurretik argitaragabeak. Bertso sorta bakoitzaren doinua izenburuaren ondoan zehaztea baitezpadakoa izango da. Testu arrunta edo pdf formatuko bi dokumentu, izengoitiz izenpeturiko Bertso sorta dokumentua eta egilearen xehetasunak dituen Xehetasunak izeneko dokumentua bidali beharko dira posta elektronikoz. Zein mailara aurkezten den ere zehaztu beharko da”.

Lehiaketa Euskal Herri osoko bertsolariei zuzenduta dago, eta bertso sortak itzultzeko epeak otsailaren 21ean izango du muga. Martxoaren 14an jakinaraziko da epaia.

Bertsularien Lagunak-ek azaldu duenez, “Bertsopaper lehiaketa honen helburua bertsoaren aldaera guztien presentzia bermatzeaz gain, plazatik harago dauden bertsolariei adierazteko parada ematea da. Izan ere, tradizioz, Ipar Euskal Herrian, eta Euskal Herri osoan, oro har, bertso idatziak leku handia izan du. Tradizio hori bermatu eta hedatu nahi dugu, Aitor Sarasua bertsogintzan eta Ipar Euskal Herriko bertso irakaskuntzan eta sustapenean hain leku garrantzitsua izan duena omentzearekin batera”.

Lanak ondoko helbide elektronikora bidali beharko dira:sarasua.lehiaketa@gmail.com.

Zabaldu:

Utzi erantzuna