Euskal antzerkia bultzatzea du helburu ekimenak.
Beasaingo eta Ordiziako Udalek Antzerki Garaia zikloa antolatu dute urtarrilaren 10etik apirilaren 25era bitartean. Denera zortzi antzezlan taularatuko dira, horietatik sei euskaraz. Izan ere, antzerkia oro har eta euskaraz egindakoa bereziki bultzatzea da egitasmo honen helburua.
1995. urtean hasi zen bi herrien arteko lankidetzan antolatutako egitaraua martxan, eta dagoeneko 31. edizioa beteko du. Antolatzaileek azaldu dutenez, “lankidetza honekin, antzerki errepresentaziotara joateko ohitura sustatu nahi da batetik, eta bestetik, publiko berria erakarri nahi da, gazteak batik bat. Lan horri ekiteko ezinbestekoa gertatu da borondateak batzea eta ahaleginak koordinatzea”.
Antzerki taldeak eta obrak aukeratzeko garaian kontutan hartutako irizpideak kalitatea, muntaia, hizkuntza, konpainiaren eskarmentua eta obren arrakasta izan direla nabarmendu dute.
Egitaraua
Ordiziako Herri Antzokian zabalduko da 2025eko Antzerki Garaia, urtarrilaren 10ean, eta apirilaren 25era arte, zortzi emanaldi izango dira guztira, lau Beasainen eta beste lauak Ordizian. Emanaldi guztiak 20:30ean hasiko dira.
- Urtarrilak 10. Zorretan (euskaraz). Ordiziako Herri Antzokian.
- Urtarrilak 31. Oscarra Oscarrentzat (euskaraz). Beasaingo Usurbe Antzokian.
- Otsailak 14. Arizona (euskaraz). Ordiziako Herri Antzokian.
- Otsailak 21. Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan? (euskaraz). Beasaingo Usurbe Antzokian.
- Martxoak 7. Heisenberg (euskaraz). Beasaingo Usurbe Antzokian.
- Martxoak 14. Kortxoaren dilema (euskaraz). Ordiziako Herri Antzokian.
- Apirilak 11. Ni flores, ni funeral, ni cenizas, ni tantán… (gaztelaniaz). Beasaingo Usurbe Antzokian.
- Apirilak 25. Lucha y metamorfósis de una mujer (gaztelaniaz). Ordiziako Herri Antzokian.