(argazkia: Euskadiko Filmategia)

Denborari buruz hausnartzea proposatzen du aurtengo Zinema eta Zientzia zikloak

Gaur abiatuko da zortzigarren edizioa Gasteizko Artium Museoan, The Theory of Everything filmarekin. Donibane Lohizuneko Le Select zinema aretora, Donostiako Tabakalerara, Bilboko Bizkaia Aretora eta Iruñeko Golem Baiona zinemetara ere helduko da zikloa.

Zinema eta Zientzia zikloaren zortzigarren edizioak denboraren kontzeptuan sakontzea proposatzen du. Helburu horrekin, hamabi film proiektatuko dira, urtarriletik martxora bitartean, Gasteizko Artium Museoan, Donibane Lohizuneko Le Select zinema aretoan, Donostiako Tabakalera zentroan, Bilboko Bizkaia Aretoan eta Iruñeko Golem Baiona zinemetan. Horretaz gain, Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostiako Zinemaldiak antolatutako proposamen honetan, publikoak aukera izango du nazioartean ospea duten hogei bat zientzialarirekin hainbat gairi buruz eztabaidatzeko: zulo beltzak, denboran zeharreko bidaiak, multibertsoa eta bizitza modu artifizialean sortzea, besteak beste.

Zikloa gaur, urtarrilak 9, abiatuko da Artium Museoan, The Theory of Everything filmarekin (James Marsh, 2014). Honetan, Stephen W. Hawking fisikari, astrofisikari, kosmologo eta dibulgatzailearen bizitza ezagutzera ematen da.

Klasikoak

Honako klasiko hauek nabarmentzen dira aurtengo edizioan: The Time Machine (George Pal, 1960), H.G. Wellsen eleberrian oinarritua, zeinak denboran zeharreko bidaiaren kontzeptua gizarteratu baitzuen; saio bikoitz batean, Frankenstein eta The Bride of Frankenstein (James Whale, 1931, 1935), zientzialari batek gorputz bizigabe batzuei bizia emateko duen erronkaren harian; eta The Thing (John Carpenter, 1982), beldurrezko klasiko modernoa, zientzialari batzuek eta izaki estralurtar batek Antartikan duten borrokaren inguruan.

Film berriagoak ere programatuko dira, hala nola hauek: High Life (Claire Denis, 2018), Donostiako Zinemaldian lehiatua eta zulo beltzen, ugalketa-esperimentuen edo espazioko bizitzaren gaiak aztertzen dituena, besteak beste; Everything Everywhere all at once (Daniel Kwan eta Daniel Scheinert, 2022), multibertsoan barneratzeko gonbidapena; eta Le Théorème de Marguerite (Anna Novion, 2023), doktore-tesiko azken urtean dagoen emakume matematikalari baten erretratua (Emakumeak Zientzian ekimenaren testuinguruan).

Hainbesteko zabalkunderik izan ez duten lan batzuk ere proposatzen ditu Euskadiko Filmategiak: Kampen om tungvannet (Jean Dreville, Titus Vibe-Müller, 1948), ez-fikzioaren eta abentura-zinemaren arteko nahasketa bat da, zeinak hurbilduko baikaitu Bigarren Mundu Gerran bonba atomikoa lortzeko izandako lasterketara; Djúpiò (Baltasar Kormakur, 2012), giza gorputzaren mugak ikertzen dituen filma; eta Vincere (Marco Bellocchio, 2009). Azken honetan, Benito Mussolini nola heldu zen boterera kontatzen da, haren lehen emazte Ida Dalser-en historiaren bitartez. Hala, gizarte-zientziak sartu dira lehen aldiz ziklo honetan, eta Julian Casanova eta Antonio Rivera historialariek helduko diote faxismoak bi mundu-gerren arteko denboran izan zuen gorakadaren gaiari.

Azkenik, Zinema eta Zientzia sailean, Erin Brockovich (Steven Soderbergh, 2000) eta eta La Maladie de Sachs (Michel Deville, 1999) emango dituzte.

Film guztiak Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean proiektatuko dira. Donibane Lohizunen, berriz, VincereUne merveilleuse histoire du tempsLe Théorème de Marguerite, Gravity eta La Bataille de l’eau Lourde.

Pedro Miguel Etxenike, Arantzazu Garcia Lekue, Maria Navarro Gastiasoro, Antonio Rivera, Julian Casanova, Juan Ignacio Perez Iglesias, Iraia Muñoa, Anna Rubio, Ainhize Barrainkua, Miren Cajaraville eta Didier Roux izango dira filmak aurkeztuko dituzten adituetako batzuk.

Zikloari buruzko informazio guztia www.filmoteka.eus atarian dago eskuragarri.

Zabaldu:

Utzi erantzuna