Otsailaren 17ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak. Betebeharreko baldintzak zein idazteko ereduak dagoeneko ikusgai daude.
Udako Euskal Unibertsitateak Ikergazte2025 diziplinarteko kongresua antolatuko du maiatzaren 28tik 30era bitartean, Bilbon. Helburuak euskal ikertzaile gazteak elkar ezagutzea, goi mailako ikerketa euskaraz egiten dela erakustea, eta ikerketa horien emaitzak zabaltzea dira. Hala, antolatzaileen esanetan, “ikertzaile hasi berriei, ikerketa talderen batean sartu berri direnei, doktore tesia egiten dabiltzanei, tesia azken urteetan aurkeztu dutenei edota ikerketa lanen bat egin dutenei (MALa edo GrALa adibidez, beti ere ikerketaren kalitatea bermatzen baldin bada) begirako kongresua da IkerGazte”.
Kongresurako onartutako komunikazio guztiekin ISBNdun bost liburu argitaratuko dira, jakintza arlo bakoitzerako bat. Horretaz gain, artikuluak DOI zenbakiarekin eskuragarri izango dira inguma.eus datu-basean.
Komunikazioen interes eta kalitatearen arabera ahozko aurkezpen moduan, posterra duen mikroaurkezpen bezala edo poster gisara aurkeztuko dira maiatzaren 28tik 30era bitartean. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “hautatutako lanak aurkezteko ezinbestekoa izango da kongresuan matrikulatzea”.
Sariei dagokienez, ahozko aurkezpenetan, bost sari banatuko dira, jakintza arlo bakoitzeko bat. “Sari berezi bat ere izango da, Euskal Herriko garapenerako bereziki garrantzitsua den gaia lantzeagatik”, zehaztu dute.
Artikuluak bidaltzeko epea urtarrilaren 20tik aurrera egongo da zabalik. UEUren webgune berrituan aurkituko duzue informazio guztia.