(argazkia: Iker Azurmendi)

Donostiako San Telmo Museoak ‘Ipuscua 1000 urte’ erakusketa paratu du

Antzinako komentuaren bi kaperatan izango da ikusgai publikoarentzat maiatzaren 11ra arte.

San Telmo Museoak ireki duen  Ipuscua 1000 urte. Ipuscuatik Gipuzkoara. 1025-2025 erakusketak azken mila urteetan barrena egindako bidaia proposatzen du, 1025. urtean hasi eta gaur egunera arte, Gipuzkoa entitate geografiko lausoa izatetik nortasun juridiko propioa zuen elkarte egonkor bat izatera nola igaro zen jakiteko, gaur egun arte iraun duten erakundeekin.

Erakusketaren edukiak San Telmo Museoko eta Gordailuko teknikariek eta erakusketaren komisario Iosu Etxezarragak osatutako taldeak landu ditu, Mikel Alberdi aholkulari lanetan aritu delarik.

Erakusketak bi ardatzetan egituratutako bilakaera azaltzen du: lurraldearen geografia eta gobernu era. Beste alderdi batzuk ere biltzen ditu, hala nola ekonomia eta filosofia politikoa, eraldaketa hori hobeto ulertzen laguntzen dutenak. 1025ean lehen aldiz aipatutako Ipuscuatik abiatuta, XIV. eta XVI. mendeen artean lurralde, erakunde, gizarte eta politika errealitate berri gisa eratu zen Gipuzkoara igarotzen da. Azkenik, lurraldeak bizi izandako aldaketak gainetik aipatzen dira, XIX. mendean sistema liberal konstituzional berrian sartzeko.

Hiru une kronologikotan antolatzen da erakusketa, guztiak lurraldearen inguruan, mapa eta ondare balio handiko pieza arkeologiko zein historiko nabarmenak barne: armagintzako piezak, maketak, nobleziako armarriak, dokumentuak, liburuak eta erliebeak.
Gainera, bi bideo eta Martintxo Altzuetak egindako ilustrazioak gehitu dira.

Pieza gehienak San Telmo Museoko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko bildumetatik datoz, eta horiei beste erakunde eta entitate batzuen maileguak gehitu zaizkie: Zaragozako Unibertsitateko Liburutegia, Donostiako Udal Liburutegia, Euskal Itsas Museoa, Zumalakarregi Museoa, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Artxibo Orokorra, Koldo Mitxelena Kulturunea eta Tolosako Udal Artxiboa.

Hauek dira erakusketa artikulatzen duten hiru uneak: Lurralde mugagabea; Lurraldea eta erakundeak finkatzea; eta Aldaketa garaia.

Erakusketa museoko elizan amaitzen da, eta haren bisitak deskribatutako historia osatzen du, Serten mihiseekin amaiera emanez, Gipuzkoako eta Euskal Herriko historiari lotutako 11 eszena irudikatzen baitituzte. Espazio berean daude Alonso de Idiaquez eta Gracia de Olazabalen hilobiak ere, San Telmo komentuaren sortzaile eta Karlos I.a, Felipe II .a eta bere oinordekoen monarkien zerbitzura aurrera egin zuten elite gipuzkoar horien adibide garbia.

Erakusketara ikuspuntu ezberdinetatik hurbiltzeko aukera emango duten jarduerak programatu dituzte.

Zabaldu:

Utzi erantzuna