(argazkia: Zornotzako Udala)

MusikagazFest jaialdiak 10 talde eta bakarlari baino gehiago bilduko ditu urtarrilaren 25ean, Zornotzan

Kai Nakai, Larru eta Lagunak, NAZ, DJ Kene eta Albina Stardust dira parte hartuko duten artista eta taldeetako batzuk. 

Datorren larunbatean, urtarrilak 25, Zornotza MusikagazFest 2025 jaialdiaren agertoki bilakatuko da. Antolatzaileen esanetan, “euskal musika sortzaile gazteen lana indartzeko diseinatutako jaialdia da hau, gazteen talentua sustatzeko eta artista berriei ikusgarritasuna eskaintzeko, alegia”. Aurtengoan, hamar emanaldi baino gehiago jasoko ditu MusikagazFestek, herriko hainbat tokitan banatuta.

Ainhoa Salterain alkateak adierazi duenez, “MusikagazFest talentu gaztearen eta euskal kulturaren aldeko apustu sendoa da. Jaialdi honek kalitatezko aisialdiko alternatiba eskaintzen die gure gazteei, eta, horrez gain, ezinbesteko erakusleiho bihurtzen da beren bidea ekiten ari diren euskal artista eta talde gazteentzat”.

Zuzenekoak 13:00etatik aurrera hasiko dira eta agertoki nagusi izango dira Arraibi plaza, Euskal Herria plaza, Zelaieta kontzertu gela, Amorebieta IV frontoia, Zezilia Gallartzagoitia kalea eta Vintage taberna. Parte hartuko duten artisten artean, Kai Nakai, Larru eta Lagunak, NAZ, DJ Kene eta Albina Stardust nabarmentzen dira; azken honek itxiko du jaialdia, 00:30ean. Kontzertu guztietarako sarrera doakoa izango da edukiera bete arte. Emanaldiez haratago pintxo pote berezia ere egingo da, 14:30etatik 16:00etara, Urtza Tabernan, egunari ukitu gastronomikoa gehituz.

Jaialdiak kultur arloan euskararen erabilera sustatu eta musika zaletu gazteen topagune izatea du helburu. “Musika, gazte talentua eta gure hizkuntza uztartzen dituen ekimen bat sortu dugu, gazteen sormenari eta adierazpen artistikoari bidea emanez eta, aldi berean, euskara gure kulturaren eta nortasunaren giltzarri gisa indartuz”, azpimarratu du alkateak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna