(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Otsailaren 4an abiatuko da 2025eko Bertsoaroa Iruñean

Sei emanaldi izango dira guztira, Iruñeko hainbat gunetan.

Bertsoaroaren 34. edizioa ate joka dugu Iruñean. Otsailaren 4an hasi eta 27ra arte luzatuko da aurtengoan. Tartean, sei emanaldi izango dira, hiriko hainbat espaziotan.

Urtero bezala, Bertsoaroak unean uneko bertsolaritzaren berri, kalitatez eta aniztasunez ematea du helburu. Programazioaren baitan, bi bertso jaialdi izango dira: Bertso Trama eta Iruñeko Historia Bertsotan saio historikoa. Gainera, Bertso jasa bat-bateko jolasa haurrentzako tailerra eta bertso afaria ere antolatu dituzte. Urteroko apustuari helduz, Nafarroako bertsolariei eta bertsolari gazteei protagonismoa eman nahi izan diete antolatzaileek.

Kondestable Civivoxean izango den saioak, baita Antzerki Eskolan egingo diren hiru emanaldiek sarrera librea izango dute aurten, edukiera bete arte. Bertso jasa tailerrerako, berriz, izena eman beharko da aldez aurrez. Azkenik, bertso afarirako Geltokiren webgunean erosi beharko dira sarrerak.

Bertso tramarekin abiatuko da 34. edizioa

Iratxe Legarra arduratuko da Bertso traman gaiak prestatu eta jartzeaz, eta, haiei kantari arituko dira herrialde ezberdinetako sei bertsolari gazteak. Otsailaren 4an izango da saioa, Kondestable Civivoxean, 19:00etan.

Otsailaren 8an, berriz, bertso jaialdia antolatu dute. Ohikoa den bezala, lehen mailako sei bertsolarik hartuko dute parte. Nafarroako Antzerki Eskolan izango da saioa 19:00etan. Emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago, 18:30ean, Iruñeko V. Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa egingo da, ekitaldi xume batean.

Otsailaren 13an, Iruñeko Historia Bertsotan bertso- saio historikoa izango da. Honetan, Joseba Asiron historialariak Iruñeko zortzi pasarte ekarriko dizkigu, eta Ainhoa Larretxea gai-jartzaileak lagunduta horiei bertsotan arituko dira bi bertsolari gonbidatuak. Antzerki Eskolan izango da 19:00etan.

Otsailaren 20an izango da bigarren bertso jaialdia. Ibilaldi luzekoak eta gazteak, nafarrak eta beste herrialdeetakoak, egungo bertsolaritzaren berri eskainiko dute oholtzaren gainean izango diren puntako bertsolariek. 19:00etan izango da, Nafarroako Antzerki Eskolan.

Ostiralean, otsailak 21, Iturramako Civivoxean, Bertso Jasa, bat-bateko Jolasa bertso-saioa eskainiko da 17:00etan. Haur eta gaztetxoez osatutako publikoari zuzendutako bertso-saioak dira hauek. Haurrak jolas eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proposatzen joango dira, eta modu horretan, bertso saioa osatuko dute bi bertsolari gonbidatuek. 8 eta 12 urte arteko haurrentzako tailerra da, eta izen-ematea ezinbestekoa da, nafarroa.sustapena@bertsozale.eus helbidera idatzita edo 948143747 telefonora deituta, otsailaren 19a baina lehen.

Aurten ere, hirugarren urtez, ezinbesteko moduan emango diote amaiera Bertsoari: bertso afariarekin.

Zabaldu:

Utzi erantzuna