Olatz Salvador, Eñaut Elorrieta eta Ruper Ordorika aurtengo Baserriko Uzta ekimenean

Informazioa: Argia.eus

Baserria eta euskal musika uztartzeko eta ezagutzera emateko asmoz, Euskal Herriko hainbat baserrik musika proiektuei ateak zabaltzen dizkie urtero. Lehenengo edizioa Antzuolako Pikunieta baserrian egin zuten 2017an eta bertan Anarik parte hartu zuen. Pasa den urtean, berriz, Baserriko Uztak Bizkaira egin zuen jauzia eta udaberriarekin bat eginez, Urduñako Santa Clara baserria aukeratu zuten, besteak beste. Bertan Rafa Rueda abeslaria izan zen.

Aurten berriz, hiru saio berezi eskainiko ditu ekimenak: ekainaren 15ean Olatz Salvador ariko da Anuzitan (Araba), abuztuaren 31n Eñaut Elorrieta Pagolan (Zuberoa) eta azaroaren 9an Ruper Ordorika Eibarren (Gipuzkoa).

Ekimen honekin etxaldeetako ateak parez-pare irekiz, laborantza ekologikoa eta euskal musikaren moduko bazterreko bi diziplina ezagutzera ema nahi dira.

10:30ean irekiko dituzte baserriko ateak, bertan etxaldea bisitatu eta nekazarien egunerokoa, ogibidea eta ekoizten dituzten elikagaiak gertutik ezagutzeko aukera egongo da. Bisitaren ostean, musika emanaldia egingo da, izan ukuilu, ezkaratz edo etxalde bueltako pentzeren batean. Eta azkenik, bisitaldia borobiltzeko, bertaratutakoen arteko bazkaria egingo da, EHKO kideen baserrietako elikagaiekin.

Etxaldeko bisita, kontzertua eta bazkari agroekologikorako txartela 20 eurokoa da (gaztetxoak 12 euro). Izena emateko baserrikouzta@gmail.com helbidera idatzi behar da, tokia mugatua baita.

Ekimena EHKO laborarien kolektiboak, iametzak eta Argiak garatu dute elkarlanean.

Zabaldu: