(argazkia: Gerediaga Elkartea)

Orain dela 50 urteko Abadiñoko San Blas azokari buruzko irudiak berreskuratu dituzte

Gerediaga elkarteak iaz martxan jarri zuen Garaia biltegirako berreskuratu dituzte irudi hauek.

1973. urteko Abadiñoko San Blas azokan grabatutako 19 minutuko ikus-entzunezkoa aurkitu de Gerediaga Elkarteak, “editatu gabeko irudiak eta giro-soinu barik”, zehaztu du. Garai bateko Abadiño nolakoa zen ezagutzeko, eta batez ere feriak zein itxura zuen ikusteko balio handiko irudiak direla gaineratu du elkarteak.

Abadiño inguruko irudiekin batera, Zelaieta auzoko kaleak eta eraikin zaharrak identifikatu daitezke, ferialekua nola antolatzen zen ikusi, zein motatako erakusleak eta saltzaileak gerturatzen ziren herrira, eta 1973. urteko idi proben saioetako irudiak ere jasotzen dira.

Urte horretako azoka otsailaren 3an eta 4an egin zen. Gainera, 1967. urtean Gerediagaren ekimenez “modernizatutako” azokan  “Durangoko Merindadeko baserritar aurrerazaleentzat sariak” banatu ziren.

Hiru kategoriatan eman ziren sariak: abelgorriena, ortu-frutena eta auzo-lanak. 60.000 pezeta banatu ziren sari guztien artean.

Azokaren berriztapena: 1967. urtea

1967an, San Blas jaietako feria zaharberritzeko pausua eman zuen Gerediagak. Jose Luis Lizundia orain dela 25 urte argitaratutako Durangalde Gogoan bildumako lehen zenbakian idatzi zuenaren arabera, Migel Anjel Astiz kazetari nafar eta euskaltzalearen, eta aldi berean Gerediaga Elkarteko bazkidearen ideia izan zen. Gaur egun ezagutzen dugun moduko azoka antolatzeari ekin zioten, baserri-sariketak antolatuz, eta baserri-makinaria erakutsi eta saltzen zuten ekoizleen parte-hartzearekin.

Zabaldu:

Utzi erantzuna