Antzokietatik irtenda, eliza, ermita eta baselizak lehenetsi ditu bira berri honek. Harrizko hormak, egurrezko eserlekuak eta ahots lurtar bat: kantua kultuzko keinu gisa. Bestalde, 2026an disko berria argitaratuko du musikariak.
Duela hilabete batzuk ‘Fantasia’ diskoaren (Elkar, 2022) birari amaiera eman ondoren, Eñaut Elorrieta musikari bizkaitarra datorren urtean kaleratuko duen lan berriaren sortze prozesuan murgilduta dago.
Elorrietak 25 urte daramatza eszenatokietan eta energia berrituarekin itzuliko dela iragarri du. Lan luzea ondu bitartean, gernikarrak ‘Ateosteko Bira’ eskaintzen ari da. “Bira txiki eta berezia” dela dio, antzokietatik irtenda, eliza, ermita eta baselizak lehenetsiz. Harrizko hormak, egurrezko eserlekuak eta ahots lurtar bat: kantua kultuzko keinu gisa.
Elizaren oihartzunaren kontra tematu beharrean, pareten erantzunarekin jolasean ibiltzen da Elorrieta bira txiko honetan, harriari ahotsa ateraz, beste garai batzuetako kantuen memoria aktibatuz. Soinu eta argi-ekipo soil eta zainduarekin, ahots eta gitarra hutsez eskaintzen du musikariak bere ibilbide osoko kanten aukeraketa zabala. Kontzertu zuzenak eta biluziak direla nabarmendu du, herri-kanturen eta esperimentazioaren artean, ahotsaren posibilitateetan arakatzen dutenak.
Airaka diskoetxea
Airakak, bestalde, abeslari gernikarra diskoetxearen parte izango dela ezagutzera eman du gaur, “poz handia da guretzat albiste hau iragartzea”, adierazi dute.