Otsailaren 21etik ekainaren 6ra bitartean izango da zikloa, Iruñeko mikroespazio kulturalen sare sortu berrian.
Mikroguneak, Iruñeko mikroespazio kulturalen sare sortu berriak, Klandestinak zikloa aurkeztu du. Ekimen honen bidez, hiriko hainbat emakume-kolektiboren istorio isildu eta ahaztuak berreskuratu eta ikusarazi nahi dituzte hamar saiotan. Azaldu dutenez, “espazio handietako kultur eta aisialdi eskaintzatik urruntzen den jarduera programa da, ekintzak aretoetan eta kaleetan eskaintzeko. Ekintza horietan tokiko konpainiek eta artistek parte hartuko dute, baita hiriko historialariek ere”.
Hiri-antropologiatik eta feminismotik landutako kultur programazioa da, Amaia Nausia Pimoulier Iruñeko emakumeen historian aditu eta Historian doktorearekin lankidetzan, eta Iruñeko emakume askoren ekarpen isildu eta baztertuen balioa azpimarratzea du helburu, kontakizun historiko hegemoniko eta patriarkala hankaz gora jartzen. Historiaren eta arte eszenikoen bitartez, emakumeen borroka eta hainbat egoera sozialetan jokatzen duten papera erakustea du xede zikloak, publikoaren hausnarketa eraginez.
Mikroespazio kulturalen sarea
Mikroguneak sarearen helburua eskaintza artistiko berritzaile eta disruptiboa programatzea da, elkarlanean eta modu bateratuan, herritarrak kezkatzen dituzten gaien inguruko eztabaidak eta pentsamendu kritikoa bultzatzeko.
Sarea hiriko lau mikroespazio kulturalek bultzatzen eta osatzen dute: Antartika Kultur Container, Katakrak, Geltoki eta Teatrolari. Sarearen sorreraren bitartez, lau espazio hauek indarrak batu nahi dituzte, beren proposamenek hirian eragin kultural eta sozial handiagoa izan dezaten. Adierazi dutenez, “Mikroguneak hurbileko kultur eskaintza alternatibo eta berritzailea proposatzen du, Iruñeko kaleetan arnasten den kulturarekin bat eginez, gizarte eta kultur sareekin lankidetzan eta kultura zein aisialdi gune handien eskaintzatik urrun”.