Mendebaldeko Saharako herriak bizi duen egoeraren berri ematea da emanaldi honen helburua. Mikel Azpirozek, Maite Larburuk edota Travellin’ Brothers taldeak hartuko dute parte Donostiako Antzoki Zaharrean izango den zuzeneko honetan.
Club 44k eta Donostia Kulturak kontzertu solidarioa antolatu dute Kantuan harresiaz gaindi: Saharar herriaren aldeko abestiak izenpean. Hitzordua martxoaren 8an, larunbata, izango da Donostiako Antzoki Zaharrean, 20:00etan.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “emanaldi honen helburu nagusia da Mendebaldeko Saharako herriak bizi duen egoeraren berri ematea. Iritzi publikoaren arreta Israel Gazan egiten ari den genozidioan dagoenez, inoiz baino garrantzitsuagoa da gogoratzea aurten 50 urte betetzen direla Marokok Mendebaldeko Sahara okupatzen hasi zenetik. Kontzertu honetan 52 artistek (3 CD), lau hizkuntza ofizialetan, herri sahararraren alde egindako abestien kaxa bat aurkeztuko dute”.
Hauek dira parte hartuko duten artistak: Aurora Beltran (abeslaria eta gitarra jotzailea), Lucia Socam (abeslaria eta gitarra jotzailea), Carmen Paris (abeslaria eta piano jotzailea), Connie Corleone & Ernesto Cossio (abeslariak eta gitarra jotzaileak), Maite Larburu (abeslaria eta biolin jotzailea), Mikel Azpiroz (hirukotea pianoarekin) eta Travellin’ Brothers (banda osoa).
Sarrerak Donostia Kulturaren ohiko kanaletan (leihatiletan eta webgunean) jarriko dira salgai bihartik, otsailak 14, aurrera, goizeko 11:30ean.