(argazkia: GFA)

Mikel Markezek eta Pako Aristik nerabeentzako sortutako ‘Gora Euskal Kantagintza’ gida kalean da

Kultura Eskola programaren barruan kokatzen da gida. Programa horren bidez, Gipuzkoako Kultura Departamentuak kulturara hurbildu nahi ditu 12 eta 16 urte bitarteko nerabeak.

Mikel Markez musikariak eta Pako Aristi idazleak sortutako tresna pedagogiko berritzailea aurkeztu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak Gora Euskal Kantagintza izenpean. Gida hau Kultura Eskola programaren barruan kokatzen da, eta 12 eta 16 urte arteko nerabeen artean euskal musika eta kultura-ondarea ezagutaraztea eta balioestea ditu helburu.

Gida berriak euskal musikaren historian zehar egiten du ibilbidea, jatorritik gaur egunera arte, 14 kapitulutan banatuta. Horietan, hainbat gai aztertzen dira: abesti tradizionalak, Ez Dok Amairu mugimendua, euskal rock erradikalaren gorakada, literaturaren eragina, bertsolaritza musikan, eta plataforma digitalen eta sare sozialen inpaktua. Kapitulu bakoitzak ikasleen ikaskuntza aktiboa eta gogoetatsua sustatzeko diseinatutako jarduerak eta galdetegiak biltzen ditu.

Markezen arabera, “Interneten eta Adimen Artifizialaren garai honek ekarriko dizkigun erronka berriei adi, hemen duzue Euskal kantagintzaren orain arteko historia, zuen esku bere edertasunean”.

Aristik, bere aldetik, adierazi duenez, “38.000 urte dauzka euskal musika-tresnarik zaharrenak: Isturitzeko haitzuloan aurkitu zuten hezurrezko flauta bat. 1900. urtean grabatu ziren euskarazko lehen abesti eta testuak, Parisen ospatu zen Erakusketa Unibertsalaren aitzakian. Hori baino lehen, Iparragirre, Etxahun, eta beste asko izan ziren. Eta ondoren, 1960an, Michel Labegueriek eman zion hasiera euskal kantagintza berriari. Haren atzetik, konstelazio distiratsu bat, milaka izarrez betea”.

Gora Euskal Kantagintza gida eskuragarri dago jada Kultura Eskolaren katalogoan, eta Aldundiak nabarmendu duenez, “funtsezko baliabidea izango da aurrerantzean Gipuzkoako hezkuntzaren arloko kultura-eskaintzan”. Egitasmoak osatu egiten du Kultura Departamentua bigarren hezkuntzako institutuekin eta lurraldeko udalekin batera gazteen artean sentsibilitate artistikoa eta musikarekiko zaletasuna sustatzeko egiten ari den lana.

Zabaldu:

Utzi erantzuna