Euskal Herriko artistak izango dira nagusi EHZn, ekainaren 28tik 30era

Irisarri herrian egingo dute aurtengo edizioko Euskal Herria Zuzenean festibala, ekainaren 28tik 30era eta dagoeneko egitarau osoa aurkeztu dute.

Hauek izango dira oholtza gainean ikusi ahal izango ditugun taldeetako batzuk: Iseo & Dodosound, Anari, Nizuri Tazuneri, Niña Coyote eta Chico Tornado, Liher, Willis Drummond edo Gari & Maldanbera, Oihan Oliarj-ines zuberotarraren Oihaneko Zühainetan eta Ray Fernandez kubatarra.

Led Silhouette dantza konpainiak bestalde, Orbita ikuskizuna estreinatuko du festibalean, EHZrentzat propio eraturiko sorkuntza eta Gaizka Sarasola musikariaren zuzeneko konposizioek lagunduko dutena, eta Toi d’abord zirkua ere jaialdian izango da. Horretaz gain, eskulan tailerrak, puzgarriak, zirko ikastaroak edota magia ere izango dira aurtengo EHZ festibalean.

Hausnartzeko eta eztabaidatzeko espazio bat bermatzeari begira ere arreta berezia ezarri da. Aurtengo edukiak bost ildoren inguruan osatu dira: feminismoa, besta eredua, burujabetza-autogestioa, G7-a eta migrazioa. Ildo bakoitzak hainbat hitzaldi, eztabaida eta mahai inguru izango ditu. Tailer horietan parte hartu nahiko duten festibalariek ildoren batean izena eman beharko dute aurretik.

EHZrako sarrerak salgai daude jada 45 euroren truke ekainaren 3ra arte, jaialdiaren webgunean. Hortik aurrera 55 eurotara igoko da festibalerako bonoak eskuratzeko salneurria. Eguneko sarrerak ere datorren astelehenean jarriko dira salgai.

Zabaldu: