Laugarren edizio honetan oinarrizko egitekoak izango dituzte entitate guztiek, baina horiez gain, bestelako pausoak emateko aukera ere izango dute hala erabakitzen duten entitateek.
Euskaraldia entitateetan nola zabaldu eta landu daitekeen argitu dute Donostiako San Telmo museoan egindako prentsaurrekoan. Goiatz Urkijo koordinatzailearen esanetan “jakitun gara oso garrantzitsua dela Euskaraldiak entitateetan duen eraginaz. Eta ez entitateetan bakarrik, bertako kide askorentzat ere entitatea da euskaraz hitz egiteko duten eremu bakarra”.
Entitateak aipatzen direnean askotariko eremuak barnebiltzen ditu, izan ere, lantokiak badira entitate, baina baita kirol edo kultur elkarteak, eta denda edo tabernak ere.
Eremu horietako ordezkariek izango dute nolako ariketa egin nahi duten hautatzeko aukera. Izan ere, aurten, oinarrizko egitekoak aurrera eramateaz gain, euskararen erabileran bestelako urratsak emateko aukera ere izango dute entitateek.
Honakoak izango dira entitate batek Euskaraldian parte hartzeko aurrera eraman beharreko oinarrizko egitekoak: kideak Euskaraldiaren inguruan informatu, prestatu eta ariketa ikusgarri egin. “Oinarrizko egiteko horiek izango dituzte izena ematen duten entitate guztiek”, gaineratu du Urkijok. Gainera, lanketa sakonagoa egiteko aukera ere emango zaie izena ematen duten entitate guztiei. Bestelako urratsak ematea hautatzen dutenei “euskararen erabilera sustatzeko aurrerapausoak ematea proposatuko diegu, hala nola, ariguneak sortzea, bilerak euskaraz egiteko neurriak hartzea, mintzatratuak adostea…”, dio Urkijok.
Ondoren norbanakoak
Euskaraldian entitate moduan izena emateko epea irekita dago, nahi duena batu dadin ariketara. Euskaraldiko webgunean dago informazio gehiago eta izena emateko aukera: https://euskaraldia.eus/entitateak/
Belarriprest eta ahobiziek izena emateko txanda, berriz, martxoan irekiko da; martxoaren 15etik aurrera izango dute aukera www.euskaraldia.eus webgunean bertan. Azkenik, Euskaraldia ariketa masiboa maiatzaren 15etik 25era egingo dute Euskal Herri osoko milaka lagunek.