Maria Markotegi sariak eta Nanoipuin lehiaketa aurkeztu dituzte Sakanan

Lehenak poesia, komikia, narrazio laburra eta booktubea sustatzea du helburu. Bigarrena, berriz, euskaltegietako ikasleei zein mintzakideei zuzendutako lehiaketa.

Sakanako Mankomunitateak Maria Markotegi sarietara lanak aurkezteko epea apirilaren 7tik 25era zabalduko du. Euskara Zerbitzuak urtero antolatzen dituen sariek poesia, komikia, narrazio laburra eta booktubea sustatzeko helburua dute.

Aurkeztutako lanak originalak, aurrez saritu gabeak, argitaragabeak eta euskaraz sortuak izan beharko dira. Horretaz gain, gaia librea izango da, booktubeak izan ezik, horietan irakurritako euskarazko liburu bat aurkeztu beharko da. Liburuaren titulua, egilea(k) eta argitaletxea aipatu beharko dira betiere.

Lan guztiak goitizen batez izenpetuta aurkeztu beharko dira, aparteko gutun-azal batean egilearen datuekin batera. “Gutun-azalaren kanpoko aldean garbi adierazi beharko dira lanaren izenburua, egilearen goitizena, saila eta kategoria”. Lanak Sakanako Mankomunitateko Lakuntzako bulegoan aurkeztuko dira: Sakanako Mankomunitatea, Uriz 32, 31830 Lakuntza.

Oinarriak, hemen.

Nanoipuin lehiaketa

Maria Markotegi sariez gain, Sakanako Mankomunitateak Nanoipuin lehiaketa ere jarriko du martxan. Euskaltegietako ikasleei zein mintzakideei dago zuzenduta lehiaketa eta lanak aurkezteko epea apirilaren 7tik 25era egongo da zabalik. Lehiaketan euskalduntzen ari den Sakanako edozein pertsonak har dezake parte, baita Mintzakide programako kideek ere. Nanoipuin bakoitzak gehienez 150 hitz izango ditu eta bakarka idatziak izan behar dute. Euskara hutsean idatzitako lanak eta argitaragabeak izango dira. “Indarkeria, sexismoa, arrazakeria edo bestelako eskubide urraketak sustatzen dituzten lanak ez dira onartuko”, adierazi dute antolatzaileek.

Lehiaketak hiru maila ditu: 1. mailan A1 eta A2 mailetako ikasleek har dezakete parte; 2. mailan B1 mailako ikasleek; 3. mailan B2 eta C1 mailetako ikasleentzako da. “Mintzakide programako parte-hartzaileek duten ezagutzaren pareko mailan hartuko dute parte”, nabarmendu dute.

Lanak Internet bidez bidali beharko dira sakana-mank.eus webgunera.

Oinarriak, hemen.

 

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna