Gerren zentzugabekeriaz hausnartzeko erakusketa irekiko du Xanti Arrieta artistak Gasteizen

Gernikak. Begiradak izeneko erakusketa martxoaren 4tik 27ra bitartean egongo da ikusgai Izaskun Arrue Kulturguneko begiratokian.

Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunea Xanti Arrieta artistaren lanaren erakusleiho bihurtuko da martxoan zehar. Izan ere, Gernikak. Begiradak izeneko erakusketa polifonikoa izango da kulturguneak jasoko duen lehenengo erakusketa.

Erakusketa honetan Picassoren obratik abiatuta gerren zentzugabekeriaz egindako hausnarketa aurkezten du Xanti Arrieta artista bergararrak, modu intimoan. Ibilbide luzea du atzean. Eta begirada sakona islatu nahi izan du erakusketan. Horretarako artistak teknika eta material desberdinak (eskultura, pintura, argazkigintza, zeramika, esmaltea, zura…) erabili ditu. Egitasmo honetan, artistak Txema Ramirez de la Piscina EHUkok komunikazio irakasle ohi, idazle eta ikerlaria izan du konplize eta bidelagun.

Era berean, erakusketa honek ezinegonetik sortutako begirada bat islatzen du. Gernikan 1937an izandako bonbardaketatik gaur egunera arte gizakiak zein gutxi ikasi duen ikusarazten duen oihu erdiragarria da. Izan ere, “ezagutzen den Gernika horren atzean, beste hamarnaka, ehunka Gernika daude: gehienak askoz ere bortitzagoak, askoz ere odoltsuagoak. Laztura. Izua. Heriotza. Basakeriaren oihartzun bipila helarazten duten toki-izenak dira: Malaga-Almeria, Tokio, Hiroshima, Dresde, Varsovia, Gaza… Ezezagunagoak, beharbada. Urrutikoegiak, agian”, azaldu du antolakuntzak.

Artistak egiten duen proposamen artistikoa kolektiboa, polifonikoa eta poliedrikoa da aldi berean. Gernikak. Begiradak erakusketak Picassoren obra unibertsala zatikatu, berrinterpretatu eta oraingo testuinguruan kokatu du, orduko lekukotasunak berreskuratuz eta oraingo euskal kulturan erreferentziazkoak diren hamar kulturgileen gogoetak eta begiradak jasoz: Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Amets Arzallus bertsolariak, Kirmen Uribe eta Castillo Suarez idazleak, Eñaut Elorrieta kantugilea, Patxi Ibarzabal hezitzailea, Maite Aristegi nekazaria eta Martxelo Otamendi eta Txema Ramirez de la Piscina kazetariak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna