Aurtengo edizioan, zortzi musika-proiektu eta arte eszenikoetako bi aukeratu dira.
Gipuzkoako Kultura Sailak eta Kutxa Fundazioak Katapulta Tour programaren hamargarren edizioa aurkeztu dute. Formatu txikiko musika-proiektuak eta arte eszenikoak babesteko programa da honakoa, eta 2025ean zehar egingo da Gipuzkoan.
Aurtengo programan parte hartuko duten artistak hautatzeko deialdi bat egin zuten bi erakundeek duela gutxi eta, hala, musika arloan Ane Leux, Bobbi Relac, Lemak, Luke Amstrong, Malko, Nuria Culla, Peachy Joke eta Suite Sedaren proiektuak aukeratu zituzten, baita Amaia Elorza eta Joan Ferreren Aquí está todo eta Alain Zulaika eta Sergio Martinezen Twobascos piezak ere.
Hamargarren edizio honetan, ekimenak lau zuzeneko eskaintzeko aukera eskainiko die aipatutako artistei, horietako bat Kutxa Fundazioaren Kluba aretoan, prestakuntza-programa batean parte hartzeaz gain eta Kutxa Fundazioak Tabakaleran dituen instalazioetan entsegu-espazioak edukitzeaz gain. Promozio bideo bat ere egingo dute bakoitzarentzat, profesionalizaziorako bidean are gehiago laguntzeko asmoz.
Gainera, aurreko urteetan bezala, deialdian izena eman duten proiektu guztiek aukera izango dute komunikazio- eta sustapen-, eszenografia-, ekoizpen-, ekonomia- eta zerga-arloetako prestakuntza-programa batean doan parte hartzeko.
Izen-emateak hautaketa prozesuan
Katapulta Tour Gipuzkoa programaren hamargarren edizio honetan 148 proposamen jaso dira, 128 musikalak eta 20 arte eszenikoetakoak.