(argazkia: Loraldia)

Zuberoako kantu tradizionala ikuspegi garaikide batez

Musika eta irudien bidez, ikusleek bidaia emozional bat egingo dute, bizitzaren, maitasunaren, itxaropenaren eta umorearen bidez. Lehen mailako sortzaile taldea izango da oholtzan: Maddi Oihenart, Beñat Achiary, Julen Achiary eta Mitxel Etxekopar, besteak beste. 

Xiberoa Kantuz Loraturik ikuskizuna aurkeztuko du Loraldiak martxoaren 13an, 19:30ean Bilboko Arriaga antzokian. Ikus-entzunezkoak eta musika nahasten dituen esperientzia honek Zuberoako kantu tradizionalak eta ikuspegi garaikidea uztartuko ditu taula gainean.

Ikuskizun honetan, Maddi Oihenart, Beñat Achiary, Ihitz Iriart, Julen Achiary, Mixel Etxekopar, Eliane Heguiaphal, Pierre Vissler eta Jordi Cassagne izango dira protagonistak. Antolatzaileen esanetan, “artista hauek Zuberoako kantu tradizionalaren aberastasuna eta gaur egungo sorkuntza uztartuko dituzte, baso-aireak, kantuak eta irudiak nahastuz”.

Zuberoa, euskal lurralde txikiena izanik ere, kantu-memoria luzea eta tradizio oparoa gordetzen duen lurraldea da. Hala, “Pastoralak, Maskaradak eta bertako kantuen aberastasuna eszenaratuko dira, ikusleak emozio eta oroimen kolektiboaren bidaia batean murgilduz”. Ikuskizunean Itxaro Borda, Joxan Artze eta Pier Paul Berzaitzen testuak ere entzungo dira, eta horrek “dimentsio poetiko eta sakona emango dio”, nabarmendu dute.

Loraldiaren ekoizpenak

Xiberua kantuz loraturik ikuskizun berria Loraldiak publikoari aurkezten dion zortzigarren ekoizpen propioa da.

Izan ere, Loraldiak euskaraz sortzen den kulturaren garapena, berrikuntza, transmisioa eta ikusgarritasuna sustatzen ditu. Euskararen unibertsoaren iruditeria garaikidea azaleratu eta etorkizuneko eszenatokia eskaini nahi du. Horrela, “Euskal Herri osoan ezagutaraziko den euskarazko kultur eskaintzaren eragile erreferente eta sustatzaile bihurtu da”.

Produkzioak bere lan ildoetako bat dira eta “euskarazko kultur industrian laguntzeko eta gure ikuspegi eta proposamen bereziak emateko sortu zen”, azaldu dute antolatzaileek. Horrela, Loraldiak urtero sortzen du ekoizpen propio bat, hainbat agertokitan taularatzeko asmoz.

Zabaldu:

Utzi erantzuna