Bizkaian bagara. Berbak zubi programa berriarekin, lurralde osoan suspertu nahi da euskararen presentzia, errealitate linguistiko eta publiko ezberdinetara egokituz.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak Bizkaian bagara. Berbak zubi aurkeztu dute gaur, Bilbon. Programa honen ardatz nagusiak dira euskararen erabilera handitzea, hizkuntzaren biziberritze prozesuan urrats berriak ematea eta biztanleria-sektore berrietara normaltasunez hurbiltzea.
Bizkaiko eskualde guztietara heltzeko helburuarekin eta lurraldean dauden tipologia ezberdinak kontuan hartuta, 10.000 bizkaitarrekin lan egitea aurreikusten dute. Horretarako, bi erakundeek elkarlanean arituko dira datozen hiru urteetan. “Egitasmoa lurraldearen euskararen saretzearen eta aktibazioaren araberako diagnosian oinarritzen da”, azaldu dute.
Hori horrela, erabileran eragiteko hiru lan-ildo eta esku-hartze sorta bat irudikatu dituzte: Tokian tokiko euskaltzaleen aktibazioa eta saretzea; aniztasunaren kudeaketa, euskarara hurbiltzeko baliabideak eskainiz; eta gazteen eta familien arteko erabilera sustatzeko ekimenak.
Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak azaldu duenez, “aldundiaren lehentasunen artean, euskara zaintzea eta euskarari behar duen lekua ematea dago. Zeharkako ekimena da, gure sail guztietan eta eguneroko lanean kontuan hartzen duguna. Bizkaian Bagara ekimenak bizkaitarrak euskararen erabileran aktibatzeko bokazioa du, euskararen erabilerak beharrezkoa duen jauzia eman dadin, bakoitzak bere ekarpena egin dezan tresnak eta aukerak eskaintzen dizkigun egitasmoa dugu hau”.
Jasone Mendizabal Taupa Euskaltzaleen Mugimenduko koordinatzaileak, bere aldetik, programaren nondik norakoak azaldu ditu, “euskararen aldeko komunitate aktiboak indartu nahi ditugu. Erabileraren aroan gaude, eta gure erronka ez da bakarrik euskararen aldeko jarrera indartzea, baizik eta hizkuntza-ohituretan eragitea eta euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzea. Horregatik, garrantzitsua da norbanakoaren eta komunitatearen arteko loturak indartzea euskaraz bizitzeko baldintzak eraikiz eta hizkuntza praktikak sortuz”.
Erabileraren aroa izendatutako honetan, teoriatik praktikara pasatzea da asmoa, eta, horretarako, hiru lan-ildo estrategikotan banatuko da Bizkaian Bagara. Hala, tokian tokiko euskaltzaleen aktibazioa eta saretzea sustatzeko
Saretzea eta aktibazioa
Euskararen aldeko sarea zabaldu eta aberasteko gogoeta saioak antolatuko dira. Tokiko euskaltzaleak saretzearen prozesu parte-hartzaileak egingo dira.
Horrez gain, euskaltzalez osatutako mugimendu zabal bat osatzeko, aktibazio eta ahalduntze aukerak eskainiko dira, taupamugimendua.eus plataformaren bidez.
Aniztasunaren kudeaketa
Herritar guztion arteko harremanak eta komunikazio-hizkuntza euskara izatea lortu nahi da, euskaratik urrun bizi diren herritarrak euskarara gerturatuz. Horretarako, Auzoko Elkarrizketak euskararen inguruko sentsibilizazio eta aktibaziorako espazio parte-hartzaileak eskaintzen dute hizkuntza-dinamika berriak aktibatzeko. Tauparentzat estrategikoa da aktibazio prozesu hau, eta horregatik, Auzoko programa bereziki lantzen du, euskararen transmisioa eta bizipena erdigunean jarrita.
Hiru urteko epean, bederatzi Auzoko Elkarrizketa antolatuko dira Bizkaiko hainbat eskualdetan.
Begiz jotako xede-taldeak
Elkarrizketa Musikatuak antolatuko dira gazteentzat, eta hauetan kulturgile erreferenteek euren hizkuntza bizipenak partekatuko dituzte ikasleekin. Musika aitzakia hartuta, gazteen euskararekiko lotura indartu eta sentsibilizazioan eragitea da helburua.
Bestalde, Euskararen Kriseiluak familia transmisioa lantzen du: eremu intimoan, euskararen erabileraren inguruko gogoeta sustatzen du eta familia euskara gehiago erabiltzeko konpromiso zehatzak hartzera gonbidatzen ditu.
Hiru urteko epean, Euskararen Kriseiluak bederatzi herri bisitatuko ditu, hizkuntza-ohiturak lantzeko eta familien aktibazioa sustatzeko helburuarekin.
Egitasmoa martxan jartzeko urratsak
Gaurtik aurrera martxan jarriko da egitasmoa; horretarako, Bizkaiko tokiko erakundeetako teknikariak, ordezkariak eta hainbat eragile (euskara elkarte, talde) mintegi batera gonbidatuko dira programaren inguruko zehaztasunak partekatzeko eta urratsak definitzeko.