Nahastumbury, Ztandap, Promesa berdina egin diegu lagun guztiei eta Flop Kultura dira Nafarroako Antzerki Eskolan taularatuko diren antzezlanak eta podcasta. Sarrerak salgai daude dagoeneko.
Otsailaren 28tik martxoaren 19ra bitartean, IrriZiklo izeneko euskarazko umore zikloa antolatu dute Iruñean. Orotara lau emanaldi biltzen ditu egitarauak. Denak arratsaldeko 19:00etan izango dira Nafarroako Antzerki Eskolan.
Barrexerka konpainiaren Nahastumbury lanak irekiko du zikloa, ostiralean, hilak 28. Obrak hainbat umore-estilorekin sortutako ikus-entzunezkoak jasotzen ditu eta antolatzaileen esanetan, “emanaldia berritzailea eta dinamikoa izango da”. Mikel Irazusta eta Maialen Sorzabalbere dira antzezlanaren zuzendariak eta Ekain Arrietarekin batera gidoia ere idatzi dute. Hiru antzerkigileak Graxi Arregi, Amaia Iraundegi, Garazi Mitxelena, Amaia Rojo eta Nerea Aranburu aktoreekin batera ikusiko ditugu taula gainean.
Martxoaren 5ean, berriz, Ztandap lana (Lanku Kultur Zerbitzuak) aurkeztuko dute Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik taula gainean. Bikoaren hirugarren obra da honakoa, Bakean Dagoena Bakean Utz eta “Luze edo Motz lan arrakastatsuen ondoren. Egileek beren betaurreko moreekin eguneroko kontuak birsortzen dituzte, eta, horretarako, arrakala orgasmikoa, maitasun erromantikoa, andreak edo bizikidetza bezalako gaiak deseraikitzen dituzte, besteak beste.
Zikloak martxoaren 12an izango du jarraipena Infinito Taldearen Promesa berdina egin diegu lagun guztiei formatu txikiko antzezlanarekin. Poesia, performanzea eta umorea nahasten dituen emanaldi honetan, Intza Alkain eta Maite Aizpurua Olaizola aktoreek fikziozko lagun taldea izatera jolastuko dute, publikoaren laguntzarekin. Euforiaren erdian adiskidetasun erromantikoa eta taldearen apologia agertuko dira. Zaratak utzitako tarteetan, aldiz, kontraesanak, galderak eta galerak. Hanka sartuko dute, gainera, barruraino eta behin eta berriro. Adiskidetasuna komunitateek harilkatzen duten alkimia dela sinetsita, ustekabez beteriko ospakizuna amaieraraino eramango dute. Hori da lagun bati egin diezaioketen promesarik txikiena.
Zikloa martxoaren 19an amaituko da Euskalerria Irratiaren ‘Flop Kultura’ podcastarekin. Honetan, Eneko Garciak eta Danel Pascualek beren ikuspuntua emango dute aktualitateko zein pop kulturako hainbat alderdiren inguruan oso modu umoretsuan eta arinean. Hala, egungo audientzia anitzarentzat interes puntuak zeintzuk diren azpimarratuko dituzte. Errealitate disidenteak elementu arrotz gisa prozesatu beharrean, Flop Kulturan disidentzia arau bilakatzen da eta bertatik ematen dira iritziak.