Antolatzaileen esanetan, “erakusketa mundu fisikoa birplanteatzen eta eztabaida kuantikoa giza zientzietara zabaltzen duten ikuspegien kaleidoskopio gisa pentsatua izan da. Zientziarekin elkarrizketan garatutako hamaika instalazio artistikoek publikoa bultzatzen dute fisika kuantikoaren konplexutasunei eta hark gizarte garaikidean duen inpaktuari buruz gogoeta egitera”.
Tabakaleraren hamargarren urteurrenarekin bat eginez, Ikuspegi Kuantikoak izeneko erakusketa paratu dute Donostiako zentroan bertan. Erakusketa honek unibertso kuantikoak dituen aukera ugariak jardunbide artistiko garaikideen bidez arakatzen ditu.
Monica Bello Arts at CERN erakundearen zuzendariak komisariatuta, erakusketak nazioarteko artista hauen obrak biltzen ditu: Alice Bucknell (2023ko Urrezko Maskorraren irabazlea) Jaione Camborda, Libby Heaney, Joan Heemskerk, Abelardo Gil-Fournier, Nicole L’Huillier, Yunchul Kim, Adriana Knouf, Yuri Pattison, Marina Rosenfeld eta Semiconductor (Ruth Jarman & Joe Gerhardt).
Kuantika dibulgatzeko eta hurbiltzeko espazioa
Antolatzaileek azaldu dutenez, “XX. mendean zehar, fisika kuantikoak unibertsoa ulertzeko modua irauli zuen”. Ziurgabetasuna, probabilitatea eta zehaztugabetasuna bezalako kontzeptuek, zientzia ez ezik, gure mundu-ikuskera ere eraldatu zuten. Ikuspegi Kuantikoak iraultza horretatik abiatzen da, kuantikak pentsamendu-modu berriak nola inspiratzen dituen, ziurtasunak zalantzan jartzen dituen eta ezagutzaren mugak berriz definitzen dituen aztertzeko”.
Hala, aretoaren erdigunean, erakusketaren atariko gisa, fisika kuantikoari buruzko dibulgazio-gune berritzaile bat diseinatu da. “Sei pantailako instalazio baten bidez, publikoak eduki hezitzaile eta gogoeta sustatzen dutenak jasotzeko aukera izango du, kuantikaren funtsezko kontzeptuak ulertzen laguntzen duten edukiak, hain zuzen”.
Proposamen honen helburua da fisika kuantikoaren printzipio konplexuak publiko orokorrari hurbiltzea, Tabakalerak ezagutzaren hedapenarekin eta askotariko publikoekiko interakzioarekin duen konpromisoa indartuta.
Tabakalera: sorkuntza artistikoa eta zientifikoa
Egia auzoan dagoen Zentroak 2020an abiatu zuen ibilbidea Artearen, Zientziaren, Teknologiaren eta Gizartearen esparruan, Medialab herritarren sorkuntzarako gune irekia zabaltzearekin batera, artisten eta ikertzaileen arteko topaketatik abiatuta ezagutza sortzeko helburuarekin. Lanaren ikuspegi hori premisa honetan oinarritzen da: “elkarlanean garatutako ikerketak eta sorkuntzak, ekoizpen artistikoa aberasteaz gain, sormenean eta berrikuntzan eragin nabarmena sortzen dute zientziaren eta teknologiaren barruan. Diziplinen arteko interakzioak, beraz, bidea ematen du ikuspegi berriak irekitzeko eta teknikoa baino ez dena gainditzen duten agertokiak planteatzeko, eta horren emaitza diren sorkuntzek garrantzi soziala daukaten gaietara hurbiltzeko modu desberdin bat eskaintzen diete herritarrei, dibulgazio zientifiko tradizionaletik haratago. Gainera, ezagutza berria sortzea errazten du eta errealitatearen beste interpretazio batzuk ematen ditu”.
Erakusketak ibilbide horrekin bat egiten du, eta Tabakalera nazioarteko erreferente gisa sendotzen du gaur egungo erronkei aurre egiteko diziplinen integrazioan.
Programa honetan izango diren parte-hartzaileen artean izen ezagunak daude, hala nola Jon Uriarte komisarioa eta ikertzailea, Maushaus hezkuntza-kolektiboa, Rocio Vidal dibulgatzaile zientifikoa (La Gata de Schrödinger), Jose Luis Crespo dibulgatzaile zientifikoa (Quantum Fracture), Ricardo Diez Muiño DIPCko zuzendaria eta Mijo Lizarzaburu filosofoa. Horiek, beste artista, zientzialari eta aditu batzuekin batera, programazioa osatuko dute fisika kuantikoari eta horrek arte garaikidean duen eraginari buruzko ezagutza eta ikuspegiekin.
Antolatzaileen esanetan, “erakusketa mundu fisikoa birplanteatzen eta eztabaida kuantikoa giza zientzietara zabaltzen duten ikuspegien kaleidoskopio gisa pentsatua izan da. Zientziarekin elkarrizketan garatutako hamaika instalazio artistikoek publikoa bultzatzen dute fisika kuantikoaren konplexutasunei eta hark gizarte garaikidean duen inpaktuari buruz gogoeta egitera”.